Digestioa zaintzeko gominola nafarrak

LAEQek hauts eta pilula formatuko prebiotikoak, probiotikoak eta bitaminak baztertu, eta goxokien aldeko apustua egin du digestio-arazoei konponbidea eskaini asmoz

Digestio osasuna zaintzeko 'gummie'ak | Argazkia: LAEQ
Digestio osasuna zaintzeko 'gummie'ak | Argazkia: LAEQ
Imagen 122
Kazetaria
2026ko apirilaren 16a - 05:30

LAEQ 2024 amaieran jarri zuten abian Fermín Peiro iruindarrak eta bere haurtzaroko lagun eta bazkideak. Izan ere, konturatu ziren heste- eta digestio-osasunean arazo asko zeudela gizartean. Gero eta gehiago. Elikadura kaltegarria, janari prozesatua eta bizi-erritmo bizkorra identifikatu zituzten eragile gisa; eta sumatu zuten bazegoela arlo horretan osasun-merkatuan asetu gabeko behar bat.

 

Arazo horiei aurre egiteko, “elikagai-gehigarriak kapsulen edo hauts-forman eskaini ohi dira, eta pertsona askorentzat zaila edo desatsegina da horiek kontsumitzea”, azpimarratu du Peirok. Hori dela eta, bururatu zitzaien “prebiotikoak, probiotikoak eta bitaminak gominola formatuan eskaintzea, haien eguneroko kontsumoa dibertigarriagoa egin eta haien eskuragarritasuna demokratizatzearren”.

Lehen pausoak: merkatua eta produktua testatu eta marka eratu

Entitatea sortzen, osasun-erregulazioak ziurtatzen eta hornitzaileekin kontaktuan jartzen hasi ziren bi bazkideak. Horrez gain, merkatuaren analisia egin zuten, eta harremanetan jarri ziren mikrobiotan, digestio-osasunean eta osasun immunitarioan adituak ziren pertsonekin, elkarlanean aritu eta zer merkaturatu erabakitzeko.

 

Marketina ere garatu zuten, webgunea diseinatuz, eta salmentak online zein farmazia fisikoen bidez egitea erabaki zuten. "Bi horiek jotzen dira gurea bezalako produktua komertzializatzeko fidagarritasun handiena daukaten metodotzat”.

2025eko erdialdean, LAEQek Symbiotic deritzon produktua merkaturatu zuen, prebiotiko, probiotiko eta D3 bitamina duten gominolak

Hori dena ziurtatu ondoren, 2025eko erdialdean, LAEQek Symbiotic deritzon produktua merkaturatu zuen, prebiotiko, probiotiko eta D3 bitamina duten gominolak, hain zuzen ere. 

Peirok ziurtatu du haien kontsumo erregularrak “hanturaren eta antzeko patologien aurrean onurak” ekartzen dituela: hesteetako flora orekatua mantentzen laguntzen dute, bakterio onuragarriak hazten laguntzen dutelako. Gainera, hesteetako arazoak saihesten lagundu eta mikrobiotaren orekan laguntzen dute gominolek. Hantura murriztu eta zenbait elikagairekiko tolerantzia ere hobetu dezakete, funtsezko mantenugaiak xurgatzen, heste-oreka bermatzen edo hezurren osasunean laguntzeaz gain. Glutenik, azukrerik ala laktosarik gabeko produktuak dira, begetarianoentzat egokiak.

Fermín Peiro: “Bestelako ekoizle batzuek ere elikagai-osagarriak eskaintzen dituzte gominola forman, baina beste inork ez du zehazki heste-barneko osasunerako halakorik egiten”

Enpresaren sortzailearen hitzetan, “beste ekoizle batzuek ere elikagai-osagarriak eskaintzen dituzte gominola forman, baina beste inork ez du zehazki heste-barneko osasunerako halakorik egiten. Beraz, beste batzuekin erkatuta, eskaintzen dugun onura da osasun digestiboan soilik aritzen garela”, gehitu du.

Foto Oficina
LAEQen produktu eta webgunearen ikuspegia enpresaren bulego batetik | Argazkia: LAEQ

Webgunetik zein farmazietatik etxeetara

Gaur egun hiru pertsonek osatzen dute LAEQen ekipoa. Peiro bera “lan komertzial eta administratiboan” dago espezializatuta. Bigarrena “finantzazioaz” arduratzen da, eta azkenik, kanpoko pertsona batek “sare sozialak eta webgunea kudeatzen ditu”. (beste kideek ez dute bere izena eman nahi izan, pribatutasun-kontuengatik).

Ekintzaileak azaldu duenez, enpresak B2B eredua jarraitzen du haren produktua hirugarrenen farmazietan saltzerakoan eta, aldiz, B2C webgunearen bidez salmenta zuzenean azken kontsumitzaileei eskaintzerakoan.

Produktu berria ezagutarazteko, Peiro eta bere taldea askotan aurrez aurre joaten dira farmazia jakinetara, produktua probatzeko aukera emanez. Horri esker lortu du Symbiotic “45 eta 50 farmazia artean” saltzea. Nafarroaz harago, Errioxa, Asturias, Madril eta Cádizera ere zabaldu dira: "Nafarroara gertutasunagatik, eta besteetara kontaktuei esker”.

4 NZ8 3757
 SymbiotiQ eta barnean dituen gominolak | Argazkia: LAEQ

Hazkundea eta espezializazioa, etorkizunerako jarduerak

Aurrera begira, eta sektoreak hazkunderako dituen aukerak ikusita, Peirok LAEQen lantaldea handitu nahi du, “marketinaz, arlo komertzialaz, zeregin administratiboez eta bestelakoez arduratuko diren langileekin”. Era horretan “esparru gehiago hartzea” bilatzen du. Horrez gain, produktu berriak diseinatu eta merkaturatzea pentsatu du, “patologia zehatzei aurre egitea bilatuko dutenak”.

Bestalde, unibertsitate eta ospitaleekin elkarlana eratzeko planak ditu, ikerketa kliniko propioak egin ahal izateko. Azkenik, marka zabaldu eta nazioartekotzea sustatzea gustatuko litzaioke, osagarriak Europako beste herrialde batzuetara eramanda.