Digital Bolt teknologia berritzailea aurkeztu du Erreka kooperatibak WindEurope azokan

Bergarako enpresak Smart Fastening negozioak garatutako ingeniaritza-soluzioak eolikoen mantentze lanetarako "funtsezko" elementu bihurtzen ari direla nabarmendu du

Errekako ordezkariak Bilbon egin den Wind Europe 2024 azokan | Argazkia: Erreka Group Errekako ordezkariak Bilbon egin den Wind Europe 2024 azokan | Argazkia: Erreka Group

Erreka Group taldeak Erreka Digital Bolt (EDB) tresna "berritzailea" aurkeztu berri du Bilbon egin den Wind Europe 2024 azokan. EDB tresnak irtenbide iraultzaile bat sartu du turbina eolikoen aplikazioetan estutze karga zehatza neurtzeko. "Abangoardiako teknologia horri" Europan turbina eolikoen jatorrizko ekipoen fabrikatzaile nagusiei proba zehatzak egin dizkiotela adirazi du Mondragon taldeko enpresak, eta itsasoan eta lehorrean 50.000 unitate baino gehiago ezarri dituztela argitu du. Orain, Det Norske Veritas-en ziurtagiriarekin, Erreka Digital Bolt "industriaren estandarrak birdefinitzeko" prest dago.

Ainhoa Larrañaga Erreka Smart Fastening-eko zuzendariak EDB teknologia nolakoa den azaldu du: "Torlojuetan instalatzen den sentsore bat da, eta ultrasoinuen bidez torlojua zeharkatzen duen uhinaren abiaduraren irakurketa bat lortzen da; beraz, kargari buruzko informazio oso zehatza dugu". Hala, kargari buruzko informazio zuzen horri esker, bezeroek torlojuak "hobeto dimentsionatu" ahal izango dituztela adierazi du. Horrez gain, mantentze-lanak ere hobetzeko aukera izango dute.

WindEurope, sektoreko profesionalen topaketa

WindEurope 2024 azoka Bilbon egin da martxoaren 20tik 22ra. Hainbat saiotan adituak entzun eta 400 erakusketari baino gehiagorekin harremanak izan dituzte sektoreko 10.000 profesional baino gehiagok. Energia eolikoaren merkatuko berrikuntza guztiak izan dira erakusgai, bai Europan, bai Europatik kanpo, energia eolikoaren balio-kate zabalaren ordezkari gisa.

Larrañagak azpimarratu du bilera asko egin ahal izan dituztela: "Oso pozik gaude bisiten kopuruagatik eta bisiten kalitateagatik".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK