Digitalizazioak langile borroka ere egokitzea eskatzen du

Eraldaketa digitalak aukera zein erronka berriak sortu dizkio sindikalgintzari, bai ohiko sektoreetan, bai orain gutxi arte existitu ez direnetan ere

Irudia: iStock Irudia: iStock

Langile aldarri guztiek bat egingo dute Maiatzaren Lehenean, urtero lez. Lanaren eta bizitzaren duintasunaren alde oihukatu, eta prekaritatea gaitzetsiko dute Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. Ukaezina da, baina, digitalizazioak, eta horren adarretako bat den adimen artifizialak lana esparrua zeharo eraldatu duela, eta are gehiago eraldatzen jarraituko duela. Horrek aukerak sortzen dizkio langile borrokari, baina baita erronkak jarri ere. Eta, ondorioz, sindikalgintzari ere.

"Ulertzen dugun moduan erronka honek aukera leiho bat ere irekitzen du. Eta horretan elementu berriak eta zaharrak uztartzen dira. Hau da, robotikaren eta adimen artifizialaren garapenak, neurri batean, gaur eguneko hainbat lanpostuetako lan zama arintzea ekar dezake. Horrek urte luzez aldarrikatu dugun lanaldi murrizketa erdigunean kokatzen du", dio Oihana Lopetegi LABeko ekintza sindikaleko arduradunak.

Ane Zelaia (ELA): "Prekaritateak gora egiten duen heinean langileen antolatzeko eta borrokatzeko beharra handitu egiten da. Horrek eramaten du sindikalizatzera orain arte sindikalizatuta ez zeuden esparru batzuk"

"Kontua da irabazi asmoa duten enpresen helburua, normalean, ez dela izaten langileak hobeto bizitzea, baizik eta irabaziak handitu eta lanpostuak gutxitzea, teknologiak ematen dituen abantaila horiek aprobetxatuta, esaterako, eskulan intentsiboa duen industrian, Euskal Herrian asko dagoena", azpimarratu du Ane Zelaia Arieta-Araunabeña ELAko sindikalizaziaren arduradunak. Era berean, "enpresek gero eta kontrol eta presio mekanismo handiagoak dituzte, langileen lan egiteko erritmoa ere kontrolatu ahal dute eskumuturreko zein bestelakoen bidez", gaineratu du Lopetegik. Eta "uberizazio" izeneko fenomenoak ere "prekaritate modu berriak" sortzen dituela diote, aplikazioetarako lan egiten duten autonomoen kasua, alegia. 

Egoera hori izanik, orain arte sindikalgintzak indarra izan ez duen zenbait esparrutan bidea zabaldu du azken urteotan. "Guk behintzat nabaritu dugu esparru horietako gero eta langile gehiago antolatzen direla sindikatuan euren lan eskubideak defendatzeko", adierazi du Lopetegik. "Prekaritateak gora egiten duen heinean langileen antolatzeko eta borrokatzeko beharra handitu egiten da. Horrek eramaten du sindikalizatzera orain arte sindikalizatuta ez zeuden esparru batzuk, edo orain urte batzuetara arte prekarioak ez ziren esparru batzuk", gehitu du Zelaiak. IKT sektoreena jartzen du adibide. "Duela hamarkada batzuk batere prekarioak ez ziren sektoreak ziren; gaur egun halako sektoreetara sartzen diren gazteek oso testigantza gogorrak ematen dituzte bizi duten prekaritatearekin".

Sindikalizazioa egokitu

"Egia da horrelako esparruetan, non ez dagoen kultura sindikal errotu bat, erritmoak desberdinak direla eta lanketa gehiago eskatzen duela, baina gure aldarrikapenak hor daude eta borrokatzeko asmoa irmoa da", aldarrikatu du LABeko ekintza sindikaleko arduradunak. Izan ere, sindikalizazio modu berri horiek ezinbesteko bihurtu dute sindikalgintza egiteko bestelako bideak esploratzea. Hala, ekintza sindikala eta antolakuntza eredua aldatu du LABek "modu eraginkorrean erantzun eta langile guztiengana iristea, lan baldintza prekarioenetan ari diren horietara batik bat", esparru berriez gain, langile feminizatuak eta bestelakoak ere kontuan hartuta.

Oihana Lopetegi (LAB): "Egia da horrelako esparruetan, non ez dagoen kultura sindikal errotu bat, erritmoak desberdinak direla eta lanketa gehiago eskatzen duela, baina gure aldarrikapenak hor daude

ELAK ere egokitu behar izan du garai berrietara. "Sindikatuak orokorrean zentratu gara eredu industriala sindikalizatzen, eta prozedurak eredu industrial horretara moldatuta zeuden. Hor konturatu ginen erronka genuela", nabarmendu du sindikalizazio arduradunak. Euren azkeneko kongresuan, sindikalizazioa "gai estrategiko" bihurtu zuen "lehenengoz", ordura arte kanpo geratzen baitziren "azken hamarkadetan sortu diren errealitate batzuk, digitalizazio edo telelanari loturikoak" eta "eskema industrial klasikoan sartzen ez direnak, azpikontratak edo sektore feminizatuak".

Prozesua, baina, dinamikoa da. "Eredu sindikala etengabe birpentsatu behar dela uste dugu, lan eremu berriak, lan egiteko modu berriak eta batik bat, prekarizazio modu berriak sortu eta areagotu ahala", dio Lopetegik.

AEBetako kasua

Mundu mailan, begirada asko bereganatu ditu Ameriketako Estatu Batuetan gertatzen ari diren sindikalizazio prozesuak, Starbucks edo Amazonen gisako enpresetan, esaterako. Enpresa teknologiko handietako kaleratzeek ere horretan eragina izan dezaketela uste da. "Nik uste dut kaleratze horiek langileek lehendik ere bazuten ezinegona azaleratu dutela langileen antolakuntza ezinbestekoa dela agerian utziz", adierazi du Lopetegik. Gallup aholkularitza-etxeak abuztuan argitaraturiko inkesta baten arabera, langileen %71ek babesten du egun sindikalgintza AEBen. 1965etik ez zen halako babesik ikusten.

"Azken hamarkadetan AEBko sindikatu ofizial izandakoek hartutako papera oso pasiboa zen", dio Zelaiak. Legediak ere ez zuen batere laguntzen. Sindikatu bat sortzeko eta hauteskundeak egiteko lan zentroan oso prozedura berezia pasa behar da. "Eta ez da batere erraza sindikatu klasiko horietatik aldentzea", gaineratu du. Lortu dute, baina: "prozesu horren bitartez lortu dute langile nukleo txikiak aktibatzea lan zentroz lan zentro. Lan ikaragarria egiten dute langileak banan-banan interprelatuz eta haiekin egonez. Eta lortu dute hauteskundeak deitzea, orain arte hauteskunderik ez zegoen leku mordoetan, sindikatuen aurkako jarrera oso bortitzak dituzten enpresen baitan, gainera". Egiteko modu horretan, esaterako, Jane McAlevey Kaliforniako Unibertsitateko Senior Policy Fellowaren ideiak daude, langileak aktibatzeari eta pizteari lotuta. 

Ane Zelaia (ELA): "Interes handiz ari gara begiratzen nola ematen ari diren prozesu horietako batzuk, sindikalizazio prozesu berritzaile batzuk jarri baitituzte martxan langileen antolakuntza, talde sentimendua eta abar indartzeko"

Euskal sindikalgintzak badu zer ikasi bertatik? "Interes handiz ari gara begiratzen nola ematen ari diren prozesu horietako batzuk, sindikalizazio prozesu berritzaile batzuk jarri baitituzte martxan langileen antolakuntza, talde sentimendua eta abar indartzeko. Hor uste dugu badugula zerbait ikasteko, hemen erabilgarria izango dena. Aztertzen ari gara".

Hala ere, horren eragina gurean mugatua izan daiteke. Batetik, Euskal Herriak, eta oro har Europak, tradizio sindikal luzeagoa duelako. Bestetik, antolakuntza lehenagotik ere egiten ari delako. "Hemen ere eremu horietan langileak pixkanaka antolatzen eta zenbait kasutan borrokak aktibatzen ari dira, lan eta bizi baldintzak bermatzeko beste biderik ez dagoela ikusi dutelako", plazaratu du Lopetegik.

Oihana Lopetegi (LAB): "Hemen ere eremu horietan langileak pixkanaka antolatzen eta zenbait kasutan borrokak aktibatzen ari dira, lan eta bizi baldintzak bermatzeko beste biderik ez dagoela ikusi dutelako"

Horren adibideetako bat da Trapagan (Bizkaian) kokatutako Amazoneko langileena. Une honetan, Bizkaiko merkantzia-garraioaren hitzarmena aplikatzen zaie langileei, eta Lopetegik dioenez, "euren lanarekin zerikusi handiegirik ez duen hitzarmena da". Langileen aldarrikapena hitzarmen propioa izatea da, lan zentrokoa. Iaz hainbat greba egin ondoren, "enpresa langileekin esertzea eragin zuten, ordu arte ez baitzegoen langileen aldarrikapenak mahaigaineratzeko mahairik ere". Hala ere, nabarmendu du, enpresako zuzendaritzak "trabak" besterik ez ditu jarri.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK