• BERRIKUNTZA
  • Digitalizazioari loturiko zerbitzu pertsonalizatua, IRIS taldearen arrakastaren gakoa

Digitalizazioari loturiko zerbitzu pertsonalizatua, IRIS taldearen arrakastaren gakoa

'Hub' nafarrak 40 partaiderekin egiten du lan digitalizazioaren esparruan, enpresa, erakunde eta norbanakoak barne

Ion Arrizabalaga IRISeko koordinatzailea | Argazkia: utzita
Ion Arrizabalaga IRISeko koordinatzailea | Argazkia: utzita
Imagen 122
Kazetaria
2026eko martxoaren 24a - 05:30

IRIS siglek Inteligencia Artificial, Robótica, Industria y Sociedad esan nahi dute. 2020an abian jarri zen erakundea da, Nafarroan eraldaketa digitala bermatzeko asmoarekin, eta ia sei urteko epean Foru Erkidegoan erreferentzia bilakatu da. 2024an egoitza propioa ireki zuen, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (UPNA) El Sario eraikinean.

 

Erakundearen koordinatzailea Ion Arrizabalaga Garde donostiarra da. Hark dioenez, orain bi urte IRISek “bost milioi euro inbertitu zituen teknologia berriak enpresetara eta gizartera gerturatzeko, sentsibilizazio, askotariko formazio eta praktiken bitartez”, eta hori sendotzeko lanak egiten jarraitu du 2025ean ere, Nasertic enpresaren koordinazioa eskuratuta, eta 40 entitaterekin harremanak estututa. Eskualdeko berrikuntza-ekosistema osatzen duten erakunde publiko-pribatu garrantzitsuenak ordezkatzen dituzten eragileak dira, tartean erakunde publikoak, unibertsitateak, zentro teknologikoak edota enpresak.

Orotara IRISek 184 zerbitzu garatu ditu. Arrizabalagaren hitzetan, zerbitzuaren funtsa “teknologia aurkeztea da, baita hori nola erabili erakustea ere, adibideak emanez, praktikatzeko aukera eskainiz, eta abar”. Edukien artean “digitalizazioa, adimen artifiziala, zientzia irekia, datuen analisia, superkonputazioa, datu handiak, fabrikazio digitala, bioteknologia eta ekoizpen birtuala” aipatzen ditu koordinatzaileak, hainbat aplikazio eduki ahal dituztenak. Esaterako, “osasungintzaren sektorean, ekografia batean bular-minbiziaren probabilitatea kalkulatzeko erabil daiteke”.

 

Orotara IRISek 184 formakuntza-zerbitzu garatu ditu. Arrizabalagaren hitzetan, formazioaren funtsa “teknologia aurkeztea da, baita hori nola erabili erakustea ere, adibideak emanez, praktikatzeko aukera eskainiz, eta abar”

“Formakuntza ezberdina da horretan parte hartuko duena enpresa, erakundea edo hiritar partikularra bada”, azaldu du koordinatzaileak. Era horretan, “administrazio publikoei haien zerbitzuak hobetzen laguntzen zaie; hiritarrei, aldiz, norbanako erabilerarako ezagutza eskaini; eta enpresei, teknologiak haien negozioan nola aplikatu irakasten zaie, horretarako sareak eta softwarea eskainita”. Kasu guztietan, bilatzen dena da “teknologia erabiltzailearen beharretara egokitzea, eta ez alderantziz.

Ekipamendua eta langile kualifikatuak, formaziorako ezinbestekoak

IRISek, besteak beste, “superkonputagailuak eta ikus-entzunezko materiala” eskaintzen ditu haren laborategi partikularrean, IRIS Lab deiturikoan. Han erabiltzen den ekipamendua duela urtebete jaso zuten. Enpresei “teknologia esperimentatzea eta frogatzea baimentzen zaie”.

Ekipamenduaren beste zati bat, eta hura erabiltzeko ezagupena, partaideek errazten dute; besteak beste, Dinabidek, Nafarroako Unibertsitateak edo INTIAk. Materiala normalean toki berdinetan egon ohi da, baina salbuespen artean robotak daude, horiek lekualdatu egin baitaitezke “nola garraiatu dakiten irakasleen laguntzarekin”.

Ion Arrizabalaga: "Formakuntzarako denetatik behar da, eta horregatik sortu dugu biologiatik hasi eta datu zientziaraino barne hartzen dituen ekipoa”

Zerbitzu-eskaerak kudeatzeaz arduratzen den talde anitz batek egiten du lan IRISen baitan: “Bioteknologoak, informatikoak, biologoak, kimikoak, ingeniari industrialak, eta abar”. Arrizabalagak ziurtatu duen bezala, formakuntzarako “denetatik behar da”, eta horregatik sortu dute “biologiatik hasi eta datu zientziaraino barne hartzen dituen ekipoa”.

IRISen “bost kide iraunkor daude”; gainontzeko langileak 40 partaide erakundeetatik etorritako kolaboratzaileak dira.

NAIR CENTER 03B

IRIS berrikuntza-poloa | Argazkia: utzita

Aholkularitza eta orientazioa, IRISen beste zutabeak

IRISek “zerbitzu integralak” eskaini nahi ditu, formazioaz gain aholkularitza eta orientazioa ere barne hartzen dituztenak, “enpresen beharrak identifikatzeko adimen artifiziala eta automatizazioa bezalako esparruetan”. Arrizabalagaren arabera, “maila tekniko zein estrategikoan garatzeko prestakuntza” ere bilatzen dute.

Helburu horretarako ezinbestekoak dira aholkularitzak, “proiektu digitalak ekoizpen-prozesuan martxan jartzeko”. Laguntzaren alderdi handietako bat ere bada “Next Generation dirulaguntzak identifikatzea eta nola eskuratzen diren irakastea”.

Partaideekiko harremanaren garrantzia

Erakundeak “bilera erregularren bidez” mantentzen du harremana hura osatzen duten 40 partaide formalekin, sektore jakinen arabera partaideak erabakitzeaz gain. Esaterako, osasungintza-arlorako Medikuntza Aplikatuko Ikerketa Zentroa (CIMA), Nasertic, Navarra Biomed eta Navarra Health Clusterekin ari dira elkarlanean. Bestalde, nekazal-sektorea ordezkatzen duen CNTA eta Agrobioteknologia Instituturekin —IDABekin— aritzen dira lanean, lehen sektoreari loturiko gaiekin. 

"Beste toki batzuetan gertatu ez bezala, Nafarroa zonalde txikia izanik, eragile guztiok elkar ezagutzen dugu, eta horrek aukera asko ematen ditu kohesionatzeko, bat egiteko eta konfiantza eraikitzeko”

Arrizabalagaren ustez, IRISen bereizgarri nagusia “partaideekiko eta haien beharrekiko hurbiltasuna” da, horien arabera haien eskaintza egokitu egiten delako. Koordinatzaileak azaldu duen moduan, "beste toki batzuetan gertatu ez bezala, Nafarroa zonalde txikia izanik, eragile guztiok elkar ezagutzen dugu, eta horrek aukera asko ematen ditu kohesionatzeko, bat egiteko eta konfiantza eraikitzeko”.

Erakundeak funtsezko eginkizuna betetzen du “partaideen eta formakuntza jaso nahi dutenen arteko zubi gisa”. “Gure laguntza nahi duen edozeinek lor dezake, UPNAko egoitzara etorriz, korreoz ala telefonoz”, gehitu du Arrizabalagak. Etorkizunerako betetzear dauden eginkizunei dagokienez, “azpiegitura eguneratzen” jarraitzeko asmoa aipatu du donostiarrak.