
BBVA Fundazioaren Fundamentos izeneko programak Donostia International Physics Centerrek (DPIC) gidaturiko proiektua aukeratu du eta, ondorioz, 250.000 euroko laguntza jasoko du. Madrilgo Unibertsitate Autonomoarekin lankidetzan garatutako proiektuak ikertuko du nola sor daitezkeen material artifizial supereroaleak, zeinak erabilgarriak izan daitezkeen ordenagailu kuantikoak eraikitzeko.
Fundamentos programan 633 proiektu eskaera jaso dira, baina hamabi proiektu berritzaile soilik aukeratu ditu fundazioak, “oinarrizko zientziako gai nagusiak lantzen dituzten esplorazio-ikerketa funtsezko eta diziplinartekoak bultzatzea” xede izanik.
Francisco Guinea ikertzaile seniorrak (DIPC) eta Iván Brihuegak (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa) zuzenduko dute proiektua, Artificial Quantum Matter: From 2D Materials to Spin Lattice Systems izenburupean. Ikerketa teorikoaz gain, ikerketa esperimentala ere landuko dute: bi dimentsioko (2D) atomo-sareak diseinatzen saiatuko dira, horren bitartez materialen propietateak kontrolatu eta aztertzeko helburuarekin. Hala, azken helburua da korronte elektrikoa igarotzea ahalbidetzen duen sarea lortzea bi dimentsiotan, eta, ondoren, hiru dimentsiotara nola zabaldu aztertuko dute.
“Lortuko bagenu material artifizialak fabrikatzea, eta, horien bidez, itxuraz oso desberdinak diren materialen propietateak konbinatzea, funtzionalitate berriak lortuko genituzke, naturak eskaintzen ez dituenak bezalakoak”, azaldu du Guineak. Beste zenbait ikertzailek ere talde horretan lan egingo dute: Dario Bercioux (DIPC), Deung-Jang Choi (CFM eta DIPC), Mikhail I. Katsnelson (Radboud University eta Constructor University) eta José Ángel Silva Guillén (IMDEA Nanociencia).