2026ko Europako Hiriburu Emergente eta Berritzailea sarian bigarren postua lortu du Donostiak, gaur Turinen egin den “Berrikuntzaren Europako Oskar” sarien ekitaldian. Atzo abiatu ziren Italiako hirirantz bidean Jon Insausti hiriko alkatea eta Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzia buru duen delegazio donostiarra, eta gaur jaso dute saria OGR Torinon.
Saria ematean Donostiaren hainbat alderdi goraipatu dira: nazioarteko erreferentea den ikerketa eta ezagutza zentroen sarea, partaidetza eta lankidetza eredua, berrikuntzarekiko konpromisoa hainbat alorretan (osasuna, mugikortasuna, jasangarritasuna eta gizarte kohesioa), eta talentua sortu eta fidelizatzeko gaitasuna.
"Donostia hiri oparoa da berrikuntzari esker, eta etorkizunera begira jarraitzen dugu, besteak beste, ordenagailu kuantikoa, protonterapia eraikina edo gure harribitxia den Miramongo parkea handitzeko proiektuak bezalako ekimenekin, ziurtasunak, segurtasuna eta bermea sortzen jarraitzeko, aukera berriak eta kalitatezko enplegu berria sortzeko”, adierazi du hiriko alkate berriak.
Donostiak ekainean aurkeztu zuen hautagaitza, eta sei finalistetako bat izan zen. Hiru hilabete beranduago, irailean, Europako Batzordeko adituen epaimahaiaren aurrean telematikoki defendatu zen proposamena Ekinnen, eta, azkenean, finalera sailkatu zen, Zipreko Nikosia eta Danimarkako Aalborg hiriekin batera.
Donostia saritua izan den kategorian 50.000 eta 249.999 biztanle arteko hiriak sartzen dira, eta irabazleak, Aalborgek, milioi erdi euro jasoko ditu. Donostia finalista geratu denez, 50.000 euroko saria jasoko du, Nikosiarekin batera.
Oyarbide zinegotziak esan du etxeko lanak "behar bezala egiten" ari direla, eta gaineratu du "ekosistema sendoa" duela hiriak.
