
Donostia International Physics Center-en (DIPC) patronatuan izango da aurrerantzean Kutxabank. Gaur eguerdian egindako bileran iragarri dute akordioa bi entitateek. Dagoeneko patronatu kide dira Jaurlaritza, EHU, Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa Fundazioa, CAF, Telefónica edota EDP Fundazioa, besteak beste. Orain gutxi IBM gehitu zen eta orain Kutxabank ere sartu da.
DIPC nazioartean ospe handia duen ikerketa-zentroa da, eta abangoardiako ikerketa garatzen du fisikan eta harekin loturiko beste zenbait diziplinatan. Fundazioaren helburuen artean, gainera, kultura zientifikoa sustatzea eta gizarteari transmititzea dago.
Anton Arriola finantza erakundeko presidenteak ikerketa zientifiko aurreratuaren garrantzia azpimarratu du, eta pozarren azaldu da. Bikaintasunagatik eta nazioarteko talentua erakartzeko duen gaitasunagatik aintzatetsi dute DIPC, eta etorkizuna garatzeko funtsezko elementuak biltzen ditu: lehen mailako ikerketa zientifikoa, talentua erakartzeko ahalmena eta ekonomia berria eratzeko urratsak ematen ari den abangoardiako industria sendotzeko ezagutza-iturria”, adierazi du.
Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidenteak, bestalde, zera adierazi du: “Kutxabankek DIPCren alde egiteak esan nahi du konfiantza duela zentroan garatzen den ikerketaren ahalmen eraldatzailean eta etorkizuneko eremu estrategikoetan bikaintasuneko ekosistemak sortzeko egiten duen ekarpenean. Hori dela eta, harro gaude erreferenteak garelako jakintza garatzeko funtsezko esparru batean, hori baita Euskadiren aurrerapenaren oinarria”.
Egun DIPCk proiektuak garatzen ditu teknologia kuantikoetan, superkonputazioan, adimen artifizialean, partikulen fisikan, kosmologian, material aurreratuetan, fotonikan, egoera solidoaren fisikan, nanozientzian eta neurofisikan, besteak beste. 200 ikertzaile ditu kontratatuak, zientziaren hainbat adarretakoak, eta urtean 500 artikulu baino gehiago argitaratzen ditu.