• BERRIKUNTZA
  • Donostiak Helsinki eta Espooko zientzia eta berrikuntza ekosistema ezagutzeko parada izan du

Donostiak Helsinki eta Espooko zientzia eta berrikuntza ekosistema ezagutzeko parada izan du

Donostia Sustapeneko ordezkariak Finlandian izan dira. Gipuzkoako hiriburuak Espooko udaletxearekin 2025ean sinatu zuen hitzarmen bat

Argazkia: Donostia Sustapena
Argazkia: Donostia Sustapena
2026ko ekainaren 26a - 12:34

Zientzia eta berrikuntzaren hiria izan nahi du Donostiak, eta ezaugarri antzekoak dituzten Europako hiriak ezagutzen ari da azkenaldian. Horren erakusle, Donostia Sustapena udal sozietatea Finlandiako Helsinki eta Espoo hirietan izan da aste honetan.

 

Bi hirietako zientzia eta berrikuntza ekosistemak eta, batez ere, ekintzailetzaren eta talentuaren arloan garatzen ari diren jarduerak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute Donostia Sustapeneko ordezkariek.

Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari kudeatzailearen esanetan, "bisita hau antzeko dimentsioko eta estrategiako hiriekin lankidetzan aritzearen aldeko apustuaren barruan kokatzen da, Europa mailan, eta haiekin izaera informaleko aliantza bat eratzen ari gara, elkarrengandik ikasteko interesean oinarritua, baina baita gure start-up eta enpresei aukerak eskaintzeko ere”.

 

Espoo hirian kokatuta dagoen Aalto University kanpusean elkartu dira bertako udaletxeko garapen ekonomikoko departamentuko ordezkariekin, eta Olaizolak Donostiako zientzia eta berrikuntza ekosistema aurkezteko aukera izan du.

Donostiak Espooko udaletxearekin 2025ean sinatu zuen hitzarmen bat, eta talentuarekin, ekintzailetzarekin eta berrikuntzarekin lotutako proiektuen garapenean elkarlanean ari dira.

Helsinkin, Maria 01 izeneko topaketan izan ziren. 2.000 kide baino gehiagoko nazioarteko komunitatea da, urtero hainbat sektoretako 200 start-upi laguntza eskaintzen diena, eta venture kapitaleko tokiko eta nazioarteko 30 erakundek eta 20 enpresa-korporazio baino gehiagok osatutako sarea du.