• BERRIKUNTZA
  • Donostian egin den QCC Quantum Forumean elkartu dira sektore kuantikoko nazioarteko eragileak

Donostian egin den QCC Quantum Forumean elkartu dira sektore kuantikoko nazioarteko eragileak

Besteak beste, Japoniako, Kanadako eta Errumaniako ordezkariak elkartu dira Gipuzkoako Merkataritza Ganberan

Argazkia: Irekia
Argazkia: Irekia
2026ko ekainaren 1a - 11:28

Donostiak sektore kuantikoaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, gaurkoan, nazioarteko topaketa baten bidez. Hain zuzen ere, QCC Quantum Foruma dela-eta bildu dira Gipuzkoako hiriburuan mundu mailako sektore kuantikoko erakundeak: Japoniako RIKEN, AEBko Cleveland Clinic, Errumaniako FreeYa Mind eta Sherbrookeko Unibertsitatea, besteak beste. Guzti horiek IBM sareko bazkideak dira, EAEko BasQ elkartearekin batera.

 

Gipuzkoako Merkataritza Ganberan kokatu den foroa hiru zati handitan banatu da. Lehenik eta behin, ordezkariek euren ekosistemen bilakaera azaldu eta antolaketa-ereduak partekatu dituzte. Jarraian, mahai-inguru bat egin da, non ekosistema kuantikoa garatzeko ezinbesteko faktoreak aztertu diren. Hirugarren jarduera arratsaldean egingo da; bertan, QCCen jarduera zientifikoari buruz hausnartuko da, eta ikerketa-ildo nagusiak eta egindako lanen emaitza berrienak aurkeztuko dira. Egunari amaiera emateko bertaratutakoen arteko lankidetza-aukerak aztertuko direla ere jakinarazi dute antolatzaileek. 

Nazioarteko eragileez gain, Pradales Lehendakaria, Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua, eta hiru Foru Aldundietako ordezkariak ere bertaratu dira Donostiara. Jaurlaritza pozik agertu da topaketarekin, “mugarri garrantzitsutzat” jo baitute topaketa, bai EAErentzat, bai BasQ estrategiarentzat. “Donostian egiteak Euskadik ekosistema kuantiko globalaren barruan nodo aktibo gisa duen rola sendotzen du”, gaineratu dute.