Atzo Donostian egin zen Quality Innovation Award 2025 nazioarteko lehiaketan EAEko bost proiektu saritu zituzten, berrikuntzaren arlo ezberdinetan egindako ekarpenengatik. Aintzatespena jaso zutenen artean daude Ingurumena Advanced Technologies, Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa-EHU, Donostialdea ESIa, Politeknika Txorierri eta Ikerkude. Haiekin batera, Espainiako eta Europako zein Asiako hainbat herrialdetako erakundeak ere saritu zituzten.
Ekitaldia CEX Bikaintasun Zentroek antolatu zuten, eta Euskaliten parte-hartzea izan zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta CAQ-China Association for Quality erakundearen laguntzarekin. Nazioarteko fasera iritsi ziren proiektuak aurretik estatu mailako hautaketa batean aukeratu zituzten. Saritutako ekimenek ebaluazio zorrotza gainditu zuten, berritasuna, erabilgarritasuna eta eraginkortasuna bezalako irizpideetan oinarrituta.
Sariak sektore anitzetako berrikuntzak aitortu ditu, hala nola, teknologia, ekonomia zirkularra, osasuna, hezkuntza eta administrazio publikoa. Antolatzaileen arabera, lehiaketaren helburua da “erakundeen eta herrialdeen lehiakortasuna handitzea berrikuntzaren bidez”. EAEk ekimenean parte hartu duen hamaikagarren edizioa izan zen atzokoa, eta 2015az geroztik dozenaka euskal erakundek jaso dute aitortzaren bat.