Eusko Jaurlaritzak EAEko sare elektrikoaren potentzia 6.000 megawatt (MW) handitzeko konpromisoa lortu du 2030era bitarteko plangintzan. Horrek egungo potentzia %50 handitzea ekarriko du, xede izanik datozen urteetako industriaren energia-beharrei erantzuteko hornidura bermatzea. Inbertsioa datozen bost urteetan gauzatzea aurreikusten da.
Proiektua aurrera eramateko 20 esku-hartze baino gehiago egingo dira gaur egungo azpiestazio ia guztietan, eta beste hamar azpiestazio berri eraikiko dira. Aurreikusitako ekimenen artean daude Gasteiz hegoaldeko azpiestazio berria, Aiara eta Gatikako instalazioen hobekuntzak, Santurtzi eta Ortuella arteko loturaren indartzea eta Gipuzkoan Urolako azpiestazio berria nahiz Ormaiztegi eta Arkaleko azpiegiturak handitzeak.
Guztira aurreikusitako 6.000 MW gehigarrietatik, 2.300 MW garraio-saretik etorriko dira, banaketa-sareari eusteko eta industria-kontsumitzaile handien beharrei erantzuteko; beste 750 MW energia berriztagarrien ekoizpenerako izango dira, eta 3.000 MW banaketa-sarean ahalbidetuko dira. Jaurlaritzaren arabera, sarearen gaitasun handiagoak egungo industriaren deskarbonizazioari eta hazkundeari erantzuteaz gain, erraztu egingo ditu etorkizuneko industria-proiektu berrien konexioak.
Erabakia uztailaren 28an onartutako Errege Dekretuaren ondoren iritsi da; araudi horrek energia elektrikoaren garraio- eta banaketa-sareetako inbertsio-planak arautzen ditu eta sareetarako aurreikusitako inbertsio-bolumena handitzen du. Eusko Jaurlaritzak espero du urte amaiera baino lehen plangintza behin betiko onartzea eta aurreikusitako inbertsioak ahalik eta lasterren martxan jartzea.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta