• BERRIKUNTZA
  • EAEn 2.384 milioi euroko inbertsioa egingo da I+Gn, iaz baino %5,6 gehiago

EAEn 2.384 milioi euroko inbertsioa egingo da I+Gn, iaz baino %5,6 gehiago

Innobasquen arabera, enpresek 1.287 milioi euroko inbertsioa egingo dute, eta administrazio publikoaren finantzaketa 874 milioi eurokoa izango da

Innobasquen txostenaren aurkezpena | Argazkia: Innobasque
Innobasquen txostenaren aurkezpena | Argazkia: Innobasque
2026eko martxoaren 27a - 11:53

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak eginiko azken estimazioen arabera, EAEn 2.384 milioi euroko inbertsioa egingo da I+Gn, 2025ean baino %5,6 handiagoa. Inbertsio horretatik 1.287 milioi euro enpresek egingo dute, aurreko urtean baino %5,2 gehiago, eta administrazio publikoen finantzaketa 874 milioi eurokoa izango da (2025ean baino %8,5 handiagoa). Aitzitik, nazioarteko finantzaketa 160 milioi eurora murriztuko da (-%4,9).

 

I+G arloan egingo den inbertsioaren estimazioa egiteko, Innobasquekin batera, Ikerketa eta Teknologiarako Euskal Aliantza (BRTA) eta 19 enpresa handi aritu dira elkarlanean: Aernnova, Arteche, Ayesa, CIE Automotive, Dominion, Faes Farma, Gestamp, Iberdrola, Ingeteam, Inzu Group, Irizar, ITP Aero, Mondragon Korporazioa, Multiverse Computing, Sener, Sidenor, Tubacex, Ulma eta Velatia. Innobasquen arabera, konpainia horiek Euskal Autonomia Erkidegoan I+G arloan egiten den inbertsioaren %43 biltzen dute.

Imanol Rego Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak eta Leire Bilbao zuzendari nagusiak aurkeztu dute I+G arloko inbertsioaren urteko aurreikuspena, eta erkidegoko zenbait eragilerekin izandako bileran hainbat gai izan dituzte hizpide, besteak beste, berrikuntza arloko inbertsio-aurreikuspenak, eta adimen artifiziala (AA) enpresen I+G prozesuetan izaten ari den eragin eraldatzailea.

 

Innobasquen arabera, “testuinguru geopolitikoa konplexua izan eta industria-sektore funtsezko batzuen moteltzea gertatu arren, I+G arloko inbertsio-aurreikuspenak onak” dira. Erakundeak dio, halaber, berrikuntza elementu estrategikotzat hartzen dela oraindik, “industriaren eraldaketa teknologiko, energetiko eta digitalari aurre egiteko”, eta konpainiek I+G arloan egindako inbertsioetan “dinamismo nabarmena” ikusten du.