EBko produktuen pasaporte digitala

Ekoizpen jasangarriago bat eta negozio modelo zirkularrak sustatzeko helburua du Produktuaren Pasaporte Digitalak. Europako Itun Berdearen esparruan, Europako Batzordeak aurkeztutako Produktu Jasangarrien Ekimenaren baitan egindako proposamena da

Produktuen pasaporte digitala | Argazkia: Europako Batasuna Produktuen pasaporte digitala | Argazkia: Europako Batasuna

Hurrengo lerroetan, azaletik azalduko dugu Produktuaren Pasaporte Digitalaren izaera eta irismena; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Erregelamendu proposamenean (aurrerantzean, "Proposamena") arautzen da, eta honen bidez, produktu jasangarrietarako diseinu ekologikoko eskakizunak ezartzeko esparrua ezarri nahi da. Halaber, 2009/125/EE Zuzentaraua (ErP Zuzentaraua) indargabetzen du .

Ekonomia zirkular baterako trantsizioa bizkortzeko Europako Itun Berdearen esparruan, Europako Batzordeak Produktu Jasangarrien Ekimena aurkeztu zuen, hots, ekonomia zirkular baterako trantsizioa bizkortzeko neurri-sorta bat. Bada, aipatutako neurrien artean dago Proposamena.

Era berean, iraunkortasunaren arloan Europako Batasunaren helburuak ezartzen dituen Iraunkortasunaren Europako Estrategian, iraunkortasuna arautuko duen araudi zehatza behar duten garrantzi bereziko sektoreak identifikatzen dira. Sektore horien artean daude bateriena, eraikuntza, ehungintza eta lehengai kritikoena (litioa, kobaltoa, nikela, etab.).

Gaur egun, araudi eta proposamen desberdinak daude aipatutako sektoreak arautzeko, nahiz eta lerro hauetan Produktu Jasangarrietarako Ekodiseinuaren Erregelamendu Proposamena jorratuko dugun. Proposamen horrek ErP Zuzentaraua ordeztuko du, zeinak energiarekin lotutako produktuei aplika dakizkiekeen diseinu ekologikoko baldintzak ezartzeko esparru bat ezartzen duen, eta Europako merkatuari bultzada bat eman nahi dio, jasangarria dena eta zirkularra dena arau bihurtuz. Ildo horretan, aipatutako Proposamena da, hain zuzen ere, Produktuaren Pasaporte Digitala aurreikusten duena, eta lehen aipatutako sektoreetan aplikatu eta erabiliko da.

Proposamenak ErP Zuzentaraua ordeztuko du, zeinak energiarekin lotutako produktuei aplika dakizkiekeen diseinu ekologikoko baldintzak ezartzeko esparru bat ezartzen duen

Zehaztu behar da Proposamenaren aplikaziotik kanpo uzten direla zenbait produktu, hala nola elikagaiak, pentsuak, gizakiek edo albaitariek erabiltzeko sendagaiak, landareak, animaliak eta mikroorganismo biziak, giza jatorriko produktuak, bai eta landare- eta animalia-jatorriko produktuak ere.

Edukiari dagokionez, Proposamenak produktuak iraunkorragoak, fidagarriagoak, berrerabilgarriagoak, eguneragarriagoak, konpongarriagoak eta mantentzeko, berregokitzeko eta birziklatzeko errazagoak izan daitezen baldintzak ezartzen ditu, baita energiaren eta baliabideen ikuspegitik eraginkorrak izan daitezen ere.

Orain arte azaldu dugunaren ildotik, proposamenaren xedea da honako alderdi hauek ezartzea da:

  • EBn produktu espezifikoen taldeentzako diseinu ekologikoko betekizun bateratuak ezartzeko esparrua, haien zirkulartasuna, energia-errendimendua eta ingurumen-iraunkortasuneko beste alderdi batzuk nabarmen hobetzeko. EBn merkaturatutako ondasun fisikoen kategoria ia guztietarako errendimendu- eta informazio-eskakizunak ezartzea ahalbidetuko du (elikagaiak, pentsuak eta sendagaiak izan ezik)
  • "Produktuaren pasaporte digital" bat, produktuen ingurumen-iraunkortasunari buruzko informazioa emango duena, kontsumitzaileei eta enpresei produktuak erosterakoan egoera ezagututa aukeratzen lagunduko diena, konponketak eta birziklapena erraztuko dituena, eta produktuen bizi-zikloak ingurumenean dituen ondorioen gardentasuna areagotuko duena. Produktuaren pasaporteak agintariei ere lagundu beharko lieke beren eginkizunak hobeto betetzen, eta
  • Saldu gabeko kontsumo-produktuak ez suntsitzeko esparru bat eskaintzen du.

Produktuaren Pasaporte Digitalari dagokionez, Proposamenak honela definitzen du: produktu baten informazio jakin bat barne hartzen duen datu espezifikoen multzo bat da, eta baliabide elektronikoen bidez eskura daiteke, datu-euskarri bat erabiliz.

Produktuaren Pasaporte Digitala produktu baten informazio jakin bat barne hartzen duen datu espezifikoen multzo bat da, eta baliabide elektronikoen bidez eskura daiteke, datu-euskarri bat erabiliz

Oro har, pasaporteak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

  1. Datu-euskarri baten bidez, bakarra den produktuaren identifikatzaile bati lotuta egotea.
  2. Produktuan, ontzian edo produktuarekin batera doan dokumentazioan fisikoki aurkeztea, aplikatu beharreko egintza eskuordetuan zehazten den moduan.
  3. «ISO/IEC» 15459:2015 Informazioaren Teknologia araua betetzea.
  4. Arau irekietan oinarritutako informazioa izatea, formatu elkarreragilea eta makina bidez irakurtzeko modukoa duena, egituratua eta bilaketa bidez irisgarria.
  5. Egintza eskuordetu aplikagarrian araututako informazioa eskuratzea.
  6. Erabiltzailearen eskuliburuak, jarraibideak, ohartarazpenak edo segurtasunari buruzko informazioa, produktuari aplika dakizkiokeen Batasuneko beste lege-xedapen batzuek eskatzen dutenaren arabera.

Aurrekoa eragotzi gabe, Produktuaren Pasaporte Digitalak jaso behar duen informazio zehatza Batzordeak horretarako barne hartzen duen esparruan zehaztuko da, Produktuaren Pasaporte Digital bakoitzak jaso beharreko informazioa produktuaren arabera aldatuko baita. Horrela, produktu jakin baten Produktuaren Pasaporte Digitalak bete beharreko baldintzak eta informazioa ezarriko dira.

Hala ere, aurreratu dezakegu Produktuaren Pasaporte Digitalek bete beharreko informazioak barne hartuko duela produktuaren ingurumen-aztarnari buruzko informazioa, konpontzen edo birziklatzen lagunduko duen informazioa, eta produktuak dituen substantzien erregistroa (adibidez, substantzia birziklatuen edo kezkagarrien ehunekoa). Horrela, hori guztia eskuragarri egongo da hornidura-kate osoan.

Produktuaren Pasaporte Digitalek bete beharreko informazioak barne hartuko du produktuaren ingurumen-aztarnari buruzko informazioa, konpontzen edo birziklatzen lagunduko duen informazioa, eta produktuak dituen substantzien erregistroa

Erregelamenduaren azken bertsioaren zain gaudela, ondoriozta dezakegu Produktuaren Pasaporte Digitalak produktuei buruzko informazio ziurra eta fidagarria lortzea ahalbidetuko duela, eta horrek onurak ekarriko dituela, bai merkatuan esku hartzen duten eragileentzat (fabrikatzaileak, hornitzaileak, enpresak, etab.), bai kontsumitzaileentzat:

  • konfiantza eta segurtasun handiagoa produktuei dagokienez
  • gardentasun handiagoa hornidura-katean
  • lehengaien erabilera eraginkorra eta kostuen murrizketa
  • enpresentzako baldintza lehiakorragoak, jasangarritasunaren alorreko betekizunak merkatu bakar osoan homogeneizatzen baititu
  • administrazio-kargak murriztea
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK