Eguzki-energia kontzentratzeko instalazioak gero eta gehiago zabaltzen ari dira. Historikoki energia fotovoltaikoa baino garestiagoa eta konplexuagoa izan arren, eguzki-energia kontzentratua “etorkizuneko energia berriztagarria da”, adierazi du EHUk, “energia termikoa biltegiratzeko erraz erabiltzen baita”.
Unibertsitatean ere jorratzen ari diren gaia da. Izan ere, zenbait ikertzaile material ultra-beltzak ikertzen ari dira, zeinak baliagarriak diren eguzki-dorreetan erabiltzeko. Materialen Propietate Termofisikoen taldeko ikertzaileek, Iñigo González de Arrietak, esaterako, helburu dute ahalik eta material xurgatzaileenak lortzea, eguzki-energia ahalik eta modu eraginkorrenean jasotzeko. “Analisi termo-optikoak egiten ditugu, iristen zaizkigun laginek dituzten xurgapen-ezaugarriak neurtzeko”, azaldu du González de Arrietak. Aurkikuntzetako bat kobre kobaltozko nano-orratzena izan da: “Orain arte erabili izan diren karbono nano-hodiek baino emaitza hobeak eman dituzte, eta are emaitza hobeak eman dituzte orratzak zink oxidoz estali direnean”, adierazi du.
Ohikoena, eguzki-dorreetan silikona beltzak erabiltzea da, zeintzuek argiaren %95 xurgatzen duten; kobre kobaltozko nano-orratzek, aldiz, argiaren %99 xurgatzen dute, eta zink oxidoz estalitakoek %99,5. EHUk San Diegoko Kaliforniako Unibertsitatearekin egin dute patentea.
Hala ere, eguzki-energia ez da batere ohikoa (Espainian energiaren %5 jasotzen da teknologia horren bitartez), nahiz eta abantaila asko izan: guztiz garbia da, eta eguzkiak distiratzen ez duenean ere erabil daiteke.