Uda eta tenperatura altuekin batera, ezinbestekoa izaten da eguzkitako krema erabiltzea, eguzki-erradiazioak eragiten dituen erredurak eta beste ondorio kaltegarri batzuk saihesteko. Hala ere, mundu osoko ikerlariek egindako azterketek frogatu dutenez, eguzki-kremen osagaiek itsas florari eragiten diote, eta ez onerako. Gizakion azalerako onuragarriak diren osagaiak badituzte ere, kaltegarriak dira itsaso, ibai eta lakuetarako.
Hainbat ikerketen arabera, urtero 14 mila tona eguzki-krema isurtzen dira ozeanora, hau da, itsas ekosistema alda dezaketen konposatu ugari askatzen dira itsasoan. Konposatu horiek, batez ere, etilhexilmetoxizinamatoak, oxibenzonak eta okrokrilenoak, ondorio kaltegarriak eragin ditzakete, tartean, itsas-animalien heriotza, hazkundearen inhibizioa, inmunitate- eta ugalketa-sistemetan kalteak, edota koralen zuritzea. Azken batean, toxikoak dira planktonarentzat, elikadura-katearen oinarriarentzat, eta fitoplanktonari (itsasoko mikrolandareak) eta zooplanktonari (krustazeoak eta arrain txikiak elikatzen dituzten animalia txikiak) eragiten diete.
“Urtero 14 mila tona eguzki-krema isurtzen dira ozeanora, eta ondorio kaltegarriak eragin ditzake itsasoan”
Eguzkitako kremen osagai toxiko ezagunena oxibenzona den arren, krema pote bakoitzak 100 osagaitik gora izan ohi ditu eta baita koloratzaile eta aromak ere, nahiz eta horietako asko etiketan ez jarri, konposizio sekretua direlako.
Egoeraren aurrean, hondartza batzuetan oxibenzona duten eguzkitako kremak debekatu dituzte. Hawaiin, esaterako, ‘ecofriendly’ dioten kremak derrigorrezkoak dira, gainerakoek koralei eragindako kalteak gehiagora joan ez daitezen. Eta merkatua ere egoerara moldatzen hasi da, enpresa bat baino gehiago ari da ingurumenerako kaltegarriak diren konposaturik gabeko eguzki-babesleak merkaturatzen. Zeregin horretan dihardu GAIKER euskal teknologia zentroak ere, ADP Cosmetics enpresa madrildarrarekin batera, itsas ekosistemako eguzki-kremen toxikotasuna aztertzeko ikerketa bat hasi du. Ingurumenerako onuragarriak diren kremak garatu nahi dituzte, inolako osagai toxikorik ez dutenak.
“GAIKER euskal teknologia zentroak, itsas ekosistemako eguzki-kremen toxikotasuna aztertzeko ikerketa bat hasi du. Ingurumenerako onuragarriak diren kremak garatu nahi dituzte, inolako osagai toxikorik ez dutenak”
GAIKERek jakitera eman duenez, ikerketa hori bi fasetan burutuko dute. Lehenengoan, iragazki kimiko eta mineralen toxikotasuna aztertuko dute bakterio, mikroalga eta itsas ornogabeak erabiliz (horiek dira itsas ekosistemako elikadura-katearen oinarria). Bigarren fasean, berriz, arrainen zelula-lerroak erabiliko dituzte konposatu horien toxikotasun-mekanismoak zelula-mailan aztertzeko. Gisa horretan, osagai horiek arrainen ugalketan zenbateraino eragin dezaketen jakingo dute, arrain kumeetan minbizi edota malformazioak sortzen ote dituzten ikusita. Zentroak nabarmendu duenez, ikerketa hori burutzeko eredu alternatiboak erabiliko dituzte ‘in vitro’ metodoarekin, animaliekin esperimentazioak saihestuz.
Behin-behineko irtenbideak
Adituek diotenez, eguzkitako krema azalean eman eta uretan sartuz gero, likido bat flotatzen geratzen da, eta hain zuzen ere, likido horixe da itsasoari hainbeste kalte eragiten diona. Hala, ingurumenerako guztiz onuragarriak diren kremak garatu bitartean, zenbait gomendio luzatu dituzte, ahalik eta kalterik txikiena eragiteko:
Lehenik eta behin, garrantzitsua litzateke kremarik trinkoenak eta zabaltzen gehien kostatzen direnak aukeratzea, xurgatzen denbora gehiago behar izaten badute ere, gorputzean gehien irauten dutenak baitira. Eguzkitako krema likidoenak (gel edo spray deiturikoak) omen dira uretan errazen zabaltzen direnak. Beste gomendioetako bat litzateke produktua eman eta uretara joan aurretik gutxienez hamar minutu egotea, krema larruazalean ongi xurgatu arte. Azkenik, ahalik eta osagai toxiko gutxien dituen krema erostea gomendatzen dute adituek, larruazala babesteaz gain, itsas fauna ere babes dezagun.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta