EAE eta Akitania berriak bat egin dute gune teknologiko partekatua bultzatzeko elektronika aurreratu eta jasangarriari loturikoa, NAIA izenekoa. Hala jakinarazi du ohar bitartez ekimenean parte hartuko duen GAIA klusterrak. Egitasmoak bilatzen du enpresak, zentro teknologikoak, unibertsitateak eta erakundeak konektatzea azpiegiturak, ezagutza eta talentua partekatzeko, teknologiaren transferentzia bizkortu asmoz.
Zehazki, gaitasunak garatu nahi dira erdieroaleen, fabrikazio adimendunean eta automatizazio aurreratuan. GAIAk ez ezik, ESTIAk, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak eta Don Bosco zentroak, eta Akitania Berriko Eskualde Akademikoko Errektoretzak ere parte hartzen dute proiektuan. Lidergoa, berriz, Aguila Technologies Bidarteko enpresarena izango da. Denera, 1.459.413,50 euroko aurrekontua du, eta Interreg POCTEFA 2021-2027ren kofinantzazioa.
Elektronika jasangarriaren esparruari bultzada emateko lehen proiektua izaki, hiru urteko iraupena izango du. Epe horretan, partzuergoaren lana izango da plataforma teknologiko partekatua sendotzea, mugaz gaindiko espazio integratua eraiki asmoz.
Proiektua sustatzearen arrazoi nagusia da sektoreak erronka garrantzitsuei aurre egin behar diela, tartean hornidura-kate globaletako tentsioak sorturiko egoerei, trantsizio ekologikoari, eraldaketa digitalari eta oro har Europako autonomia teknologikoa indartzeko beharrari.
Cristina Murillo klusterreko zuzendari ondokoak dioenez, proiektuaren balio nagusietakoa izango da "mugaren bi aldeetan dagoen ezagutza konektatzeko gaitasuna".
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta