
2026ko maiatzaren 6tik 9ra egingo da Elhuyar Zientzia Azokaren edizio berria. Bilboko Areatzan DBH eta Batxilergoko gazteek ikasturtean zehar garatutako zientzia eta teknologiako proiektuak aurkezteko aukera izango dute. Zientzia eta teknologiako proiektuak ezagutaraztea eta euskararen erabilera sustatzea du helburu egitasmoak, eta Euskal Herriko ikastetxe guztietako DBHko eta Batxilergoko gazteek parte har dezakete.
Osasuna, ongizatea, ekoizpen eta kontsumo arduratsuak, hiri eta komunitate jasangarriak, industria, berrikuntza, azpiegiturak edota klimari buruzko proiektuak aurkeztu ahalko dira, eta ikasleek aukeratuko dute euren gaia.
Urtero bezala, gazteek profesionalen laguntza jaso ahal izango dute euren proiektuak garatzeko. Izan ere, Euskal Zientzia eta Teknologia sareko 200 ikertzailek baino gehiagok eman dute izena gazteei laguntza eskaintzeko. Halaber, interesa duten ikertzaileek oraindik ere aukera dute aurtengo edizioan parte hartzeko.
14 urte bete ditu aurten Elhuyarrek antolatutako azokak, eta 2013az geroztik, 9.000 gaztek baino gehiagok parte hartu dute. 2.500 ikerketa eta teknologia proiektu baino gehiago aurkeztu dituzte orotara.