
Hedabide digital bat izango du aurrerantzean Elhuyarrek. Zientzia.eus eta aldizkaria.elhuyar.eus webguneak uztartuta sortu dute Elhuyar Zientzia izeneko hedabidea, eta gaur-gaurko zientzia eta teknologia edukiak eskainiko ditu euskaraz, baita egungo gizarte-krisiak eta kezkak "azalean jarri" ere, hala nola, osasun mentala, trantsizio ekosoziala, ingurumena edota balioak.
Gaur goizean egin dute hedabidearen aurkezpena Elhuyarren Usurbilgo (Gipuzkoa) egoitzan. Bertan izan dira Garazi Andonegi Beristain Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzailea eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute Kultura Zientifikoko arduraduna.
Azaldu dutenez, "informazioaren gizartean" bizi garela kontuan izanik eta "zientziaren eta gizartearen arteko elkarrizketak mundua eraldatzeko duen gaitasuna" aintzat harturik erabaki dute Elhuyar Zientzia sortzea. “Hedabidea euskaraz sortua dago, bertako ahotsekin eta begiradekin, gure teknologiarekin eta mundu zabaleko edukiak ekarrita”, azaldu dute Elhuyarretik.
Hedabideak 25.000 edukitik gora ditu, eta albisteak, bideo laburrak, podcastak, elkarrizketak, iritzi-artikuluak aurki daitezke bertan. Elhuyarren garatutako teknologia aurreratuez hornitu dute webgunea: itzultzaile automatikoa sei hizkuntzatan (euskara, gaztelera, ingelesa, frantsesa, katalana eta galegoa), testua entzuteko ahots automatikoak, eduki-proposamen automatikoak edota bilatzaile aurreratua izango baititu.
Halaber, hedabide digitaleko zenbait eduki Elhuyar aldizkarian ere eskuragarri izango dira aurrerantzean.