Elrow-ek euskal unibertsitateetako ikasleak elkartuko ditu urriaren 19an Bilborocken, ‘Talent in Motion’ ekimena dela-eta. Jardunaldiaren helburua da unibertsitateko talentua eta industria sortzailea harremanetan jartzea, eta horretarako, konpainiak proposatutako benetako erronka bati erantzun beharko diote parte-hartzaileek. Ondoren, talde bakoitzak bere proposamena aurkeztuko du profesionalek osatutako epaimahai baten aurrean.
Ikasleek taldeka lan egingo dute esperientzia bat diseinatzeko, gaur egun elrow-ek garatzen dituenetatik bestelakoa. Proposamenak gazte talentua eta lurraldeko hainbat eragile lotuko dituen ekitaldi edo esperientzia bat planteatu beharko du, Bizkaiarentzat balioa sortzeko. Horretarako, elrow-eko hainbat arlotako profesionalen laguntza izango dute, besteak beste, sormena, negozioa, ikus-entzunezko ekoizpena, komunikazioa eta proiektuen kudeaketa lantzen dituztenena.
Jardunaldiaren amaieran, talde bakoitzak bere proposamena pitch baten bidez defendatuko du elrow-eko profesionalek osatutako epaimahaiaren aurrean, eta horrek aukeratuko du proposamen irabazlea. Erronkaz harago, ekimenak unibertsitateen eta enpresen arteko harremanak sustatu nahi ditu, baita etorkizuneko lankidetza, mentoretzak eta lan-aukerak sortzea ere.
Parte hartzeko izena emateko epea irailaren 25era arte egongo da zabalik.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta