
Industria eta merkatuaren lehiakortasuna globalizazioak, aldaketa sozioekonomikoek eta teknologiaren aurrerapenek baldintzatutako garaian, enpresa txiki eta ertainek (ETEak) digitalizazioan aurrera egitea ezinbestekoa bihurtu da. Baina hori ez da beti erraza izaten haientzat, gaitasun eta baliabide mugatuak direla eta. Helburu horrekin jarri da BeTEK proiektua, Iraungi Berritzen Gipuzkoako Urola Erdiko bailarako garapen agentziak martxan jarri duena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.
“Gaur egungo egoeraren aurrean, enpresa txikiak eta ertainak lehiakorrak izatea funtsezkoa da. Horrek aukera ematen die merkatuan ez bakarrik irauteko, baizik eta diferentziatzeko, lan hobeak egiteko eta merkatu desberdinetara zabaltzeko,” azaldu du Begoña Beobide Azpeitiak, Iraurgi Berritzeneko zuzendariak.
Hiru trantsizio handien testuinguruan (soziala, ekologikoa eta teknologiko-digitala), BeTEK proiektua digitalizazioan oinarritutako proiektu pilotua izan da, enpresei ibilbide-orri teknologikoa diseinatzen laguntzeko eta ondoren pausoz pauso martxan jartzeko.
Orain arte lortutako emaitzen artean, hainbat enpresekin elkarlanean aritu ondoren, metodologia praktiko bat kontrastatzea eta aplikatzea lortu dute, erronkak eta premiazko lehentasunak identifikatuz, lehentasun horiek faseka garatzeko baliabide teknologiko eta aholkularitza espezializatua eskainiz. “Ibilbide-orri horrek enpresei aukera eman die lehentasunak identifikatzeko, eragile teknologiko eta laguntzaileen babesa jasotzeko eta Aldundiaren eskutik dirulaguntzak eskuratzeko,” dio Beobidek. Etorkizunera begira helburua argia da: enpresak paperezko planifikaziotik ekintzara eramatea, digitalizazioaren bidez lehiakorrago bihurtuz.
Elkarlanaren indarra
Iraungi Berritzen, BRTAk, Innobasquek, Tknikak, AFM Klusterrak, Basque Food Kluster eta Aldundiak osatutako sareak aukera eman die ETEei “familiako medikuaren antzera” proiektuak hasteko laguntza izateko, eta ondoren behar konkretuetarako espezializatutako eragileak aktibatzeko. “Proba pilotuak funtzionatu du, eta orain hurrengo erronka da Gipuzkoa osora zabaltzea,” azaldu dute Unai eta Garbiñek.
BeTEKek arrakasta izan du ekosistema teknologiko eta instituzional sendoa eraikitzean, hainbat eragileren arteko elkarlana erdigunean jarrita. BRTAko Transferentzia Teknologikoko arduradun Garbiñe Manterolak azpimarratu du proiektuaren balioa eragileak koordinatzeko eta enpresen beharrei erantzuteko gaitasuna izatean datzala. “Guretzat oso garrantzitsua da enpresa bera jartzea erdigunean, eta bere beharretatik abiatuta neurrira egindako erantzunak ematea,” adierazi dute.
Proiektu pilotuan parte hartu duten ETEen esperientziak dira BeTEKen balioa neurtzeko neurgailu onena. Unai Zubeldia (ERLO GROUP) eta Ane Iriondo (CPK) pozik agertu dira proiektuak emandako aukerekin, eta adierazi dute aukera izan dutela gelditzeko, beren behar teknologikoak eta hazi nahi duten norabidea hausnartzeko.
“Guk bezalako enpresa txikiek ez daukagu normalean gaitasunik zentro teknologikoekin harremanetan jartzeko, eta aukera hau oso baliotsua izan da”, adierazi du Iriondok. Kasu praktiko gisa, CPK enpresan laser trackerrak erosi dituzte neurtze prozesuak automatizatzeko, eskuz egiten zituzten lanak optimizatzeko bidean urrats praktikoa eginez. Horrez gain, materialaren dibertsifikazioa, barneko prozesuen hobekuntza eta digitalizazioaren norabideko beste lan ildo batzuk ere identifikatu dituzte.
“Parte hartzea gomendatuko nioke edozein enpresa txiki edo ertaini, aukera ematen duelako geldialdi bat egiteko, norabidea definitzeko eta kontaktu baliotsuak izateko etorkizuneko lankidetzetarako,” azaldu du Zubeldiak.
Proiektua beste bailaretara zabaltzea
Etorkizunari begira, Iraungi Berritzetik argi dute BeTEKek jarraipena izan behar duela, eta horretarako hainbat urrats bideratzen ari dira dagoeneko. “Helburu nagusia da gure eskualdeko enpresak lehiakorrago bihurtzea. Horretarako ezinbestekoa da enpresak paperetik ekintzara pasatzea. Ibilbide orria paperean idatzita dago, baina orain enpresek benetan urratsak egin behar dituzte, eta horretan ari gara laguntzen”, azaldu du Beobidek.
Begoña Beobide (Iraurgi Berritzen): "Ezinbestekoa da enpresak paperetik ekintzara pasatzea. Ibilbide orria paperean idatzita dago, baina orain enpresek benetan urratsak egin behar dituzte, eta horretan ari gara laguntzen”
Orain arteko proiektua Urola Erdian garatutako proba pilotua izan bada ere, metodologia findu ondoren eskualde gehiagotan zabaltzeko prest daude. “Dagoeneko lau eskualdetara heltzeko lehen urratsak egin ditugu, eta 2025ean zabaltze fasean murgilduta egongo gara. Proiektu hau eskualdeetara zabaltzearekin batera, helburua Gipuzkoa osora heltzea eta enpresa txiki eta ertainek digitalizazio teknologikoaren bidez lehiakortasuna areagotzea da”, gaineratu du Beobidek. Helburu hori lortzeko ezinbestekoa izango da elkarlaneko sareak indartzen jarraitzea, erakunde publikoek, garapen agentziek, BRTAk eta klusterrek elkarlanean jarraitzeko konpromisoa hartu baitute, bakoitzaren esperientzia eta baliabideak partekatuz.
Bestetik, eragile guztiek prestakuntza programa berri bat sortu dute eskualdeetan zabaltzeko, garapen agentzietako teknikariei eta enpresei tresna errealak emateko haien digitalizazioan aurrera egiteko. Helburua da BeTEKren metodologia eguneroko lanean aplikatzea, enpresek trantsizio ekologiko eta digitalari modu praktikoan erantzun diezaioten, Gipuzkoako eraldaketa industrial eta teknologikoan urrats sendoak emateko.