Enpresen eta erakunde publikoen eskura jarriko da IBM Quantum System Two sistema. Horretarako, protokolo bat abiatu du BasQ aliantzak, zeinak arautu egingo duen sistemaren gaitasun kuantikoen erabilera.
Donostian egin da aurkezpena, Ikerbasqueren eraikinean, IBM Quantum System Two sistemaren egoitzan, alegia. Bertan izan dira, besteak beste, Mikel Jauregi Industria sailburua eta Juan Ignacio Pérez Berrikuntza sailburua, baita Javier Aizpurua BasQko zuzendari zientifikoa ere.
Aurkeztu berri duten protokoloak helburu izango du aztertzea nola erabil dezaketen enpresek eta erakunde publikoek sistema berritzailea, ondoren aplikazio horiek gauzatzeko. Era berean, teknologiaren transferentzia indartu nahi du BasQ aliantzak, "industria-, gizarte- eta ekonomia-potentzial handiko aplikazioak sustatzeko eta EAE Europako zein munduko erreferentziazko eskualde kuantikoetako bat izatea sendotzeko".
"Azken belaunaldiko konputazio kuantikoko teknologietarako sarbide pribilegiatua eskaintzeaz gain, ekimenak prestakuntza espezializatua eta gaitasunak garatzeko laguntza emango ditu, eta enpresak erreferentziazko ikerketa-taldeekin harremanetan jarriko ditu lankidetza-proiektuak sustatzeko", azaldu du Aizpuruak protokoloaren aurkezpenean.
Halaber, jakinarazi dute sarbidean lehentasuna izango dutela "lurraldean sustraitutako industriak eta EAEko sektore publikoko erakundeek", eta parte hartzen duten eragileek "ekosistemari egingo dioten ekarpenaren araberako konpromisoak hartu beharko" dituztela.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta