Eraikin berria inauguratu du DIPCk

Jaurlaritzak 21 milioi euroko inbertsioa egin du. 2000. urtean sortu zen DIPC, eta 35 herrialdetako 300 ikertzailek egiten dute lan bertan

Argazkia: DIPC
Argazkia: DIPC
2026ko ekainaren 24a - 15:42

DIPC Donostia International Physics Centerrek eraikin berria zabaldu du gaur. Bere gaitasun zientifikoak sendotzeko eta ikerketaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko sortutako azpiegitura izango da. Eusko Jaurlaritzak 21 milioi euroko inbertsioa egin du eraikin berrian, zeinak 6.200 metro karratuko azalera duen, sei solairutan banatuta.

 

Idomek diseinatu du azpiegitura, eta Construcciones Sukia Eraikuntzak enpresak eraiki. 1.100 metro karratutik gorako azalera eskainiko zaie bertan ezarriko diren laborategi zientifikoei, zeintzuek ikerketa esperimentala egingo duten hainbat arlo estrategikoetan: teknologia kuantikoak, nanozientzia eta material kuantikoak, neutrinoen fisika, kimika eta polimero aurreratuak, nanoneuroa eta biziaren jatorria.

DIPCren presidente Pedro Miguel Etxenikek adierazi duenez, “eraikin hau aspalditik datorren apustu kolektibo baten emaitza da. Gure autogobernuaren eta erakundeek hartutako konpromisoaren fruitua da, hainbat urtez proiektu partekatu hau babesten eta sostengatzen jakin baitute”. Bere hitzetan, DIPCen eraikin berria “ez da azpiegitura huts bat”.

 

Bestalde, Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak nabarmendu du Donostia eta EAE fisikan eta teknologia kuantikoetan nazioarteko erreferente direla, eta adierazi du DIPCren instalazio berriek gaitasun zientifikoak eta gizartearekiko lotura indartzeko aukera emango dutela, “Euskadik zientziaren, ezagutzaren eta berrikuntzaren alde egiten duen apustua etorkizuneko zutabe gisa sendotuz”.

2000. urtean sortu zen DIPC, eta 35 herrialdetako 300 ikertzaile baino gehiagoko nazioarteko komunitate zientifikoa biltzen du. Gaurdaino, 7.357 argitalpenetik gora egin ditu, eta 315.000 aipamen baino gehiago jaso ditu.