• BERRIKUNTZA
  • 28 milioi euro erabiliko ditu Jaurlaritzak enpresa txikien eraldaketa digitala sustatzeko

28 milioi euro erabiliko ditu Jaurlaritzak enpresa txikien eraldaketa digitala sustatzeko

BidaIA izeneko ibilbidea aurkeztu du Jauregi sailburuak, zeinak helburu duen enpresei laguntzea adimen artifiziala modu egituratuan txertatzen

Argazkia: Irekia
Argazkia: Irekia
2026eko martxoaren 26a - 13:30

Adimen artifiziala ziztu bizian hedatzen ari den garai honetan, enpresa txiki eta ertainei laguntza eskaini nahi izan die Eusko Jaurlaritzak, “eraldaketa digitalaren bidean aurrera egin dezaten”. Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak azaldu duenez, horretarako 28 milioi euroko inbertsioa egingo da.

 

Lehenik eta behin, Jaurlaritzak bi laguntza-programa eskainiko ditu: batetik, 14 milioi euro bideratuko dira “industria-zerbitzu eta industria-prozesuetan aplikatutako AA eta datu-estrategiako proiektuak babestera”; bestetik, gainerako 14 milioi euroak erabiliko dira zibersegurtasunaren arloa sendotzeko, “euskal industria zibererasoen eta informazio sentikorraren lapurreten aurrean indartzeko”, zehazki.

BidaIA

ETEek beren eraldaketa digitala gauzatzeko egitasmoa ere aurkeztu du Jauregik. BidaIA izeneko prozesuak “lehiakortasuna irabazteko jarraitu behar duten bidea” zehaztuko die enpresei. Hala, diagnostiko batekin hasiko da prozesua, ondoren enpresek noraino iritsi nahi duten espezifikatuko dute, eta azkenik eman beharreko pausoak zehaztuko dira. “ETEek laguntza izango dute ibilbide osoan zehar”, jakinarazi dute Jaurlaritzatik.