• BERRIKUNTZA
  • Eric Aranak jaso du Familia Enpresaburuen Antonio Aranzabal Saria

Eric Aranak jaso du Familia Enpresaburuen Antonio Aranzabal Saria

Nazioartekotzearen, berrikuntzaren eta lankidetzaren arloan egin duen ibilbidea aitortu diote

Eric Arana sariarekin | Argazkia: Deustuko Unibertsitatea
Eric Arana sariarekin | Argazkia: Deustuko Unibertsitatea
2023eko maiatzaren 12a
Eg. 2023eko maiatzaren 12a

Antonio Aranzabal Fundazioak 2023ko Antonio Aranzabal Saria banatu dio Eric Arana enpresaburuari, Arania Taldean egin duen lanarengatik. Fundazioak bere ibilbidea aitortu nahi izan du nazioartekotzearen, berrikuntzaren eta lankidetzaren arloan, sortzaileen espiritu ekintzaileari eusteko gai izan delako.

 

Sari banaketa ekitaldia Familia Enpresaburuen XXIII. jardunaldiaren baitan egin da Donostian, 2000. urteaz geroztik Deusto Business Schoolek Antonio Aranzabal Fundazioarekin batera antolatzen duen ekitaldian.

Sari banaketarekin batera, aurtengo edizioan, familia taldeetako lider berriez hitz egiteko tartea ere hartu dute. Hizlarien artean izan dira, Izaskun Larrañaga LACOR-IBILI taldeko kontseilari ordezkaria eta familiako hirugarren belaunaldiko kidea; Javier Quesada de Luis, Tekniako zuzendari nagusia eta familiako bigarren belaunaldiko kidea; eta Maria Eugenia Clemente, aciturri taldeko zuzendari nagusia eta familiako bigarren belaunaldiko kidea. Jardunaldian izan dira, halaber, Jokin Perona, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatua; Jose Maria Guibert, Deustuko Unibertsitateko errektorea; Alvaro de la Rica, Deusto Business Schooleko dekanoa; eta Xabier Riezu, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreordea.

 

Familia Enpresaren Katedrak aurrera eramaten dituen jarduerak gogoratzeko tarte bat ere izan da: Familia Enpresa eta Talentua Praktikak programaren 2. edizioa aurkeztu dute Antonio Aranzabal Fundazioak, Rural Kutxak eta Deusto Business Schoolek. Ekimen horretan lagundu dute lurraldean errotutako familia enpresek, talentu gaztea hartu baitute beren proiektu estrategikoetan parte hartzeko. Familia Enpresaren Gobernu Aurreratuko Lantegiaren hamargarren edizioaz ere hitz egin dute. Lantegi horien bidez, hamar urte hauetan 100 gaztek baino gehiagok jaso dute prestakuntza enpresaren gobernuarekin eta familiaren gobernuarekin lotutako gaietan. Eta Fecin eta Elosegi Upeltegien kasuak aurkeztu dira, Familia Enpresen eta Familia Enpresaburuen Bildumari gehituko zaizkionak, Katedrak lurraldeko familia enpresaburuen ekarpena aitortzeko egindako apustuari lotuta. Horrekin guztiarekin, gazteei lagundu nahi diete lurraldean errotutako enpresen proiektu interesgarrietan parte hartzen; lurraldean errotutako familia enpresa lehiakor eta dinamikoen ekarpena ikusarazi eta aitortu nahi dute; eta, bide horretatik, Gipuzkoaren erakargarritasuna ere handitzea dute helburu.

Antonio Aranzabal Fundazioaren eta Deustuko Unibertsitatearen Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen arteko lankidetzak aurten 23 urte bete ditu. Lankidetza horri esker, familia enpresaren arloko hainbat ekimen bultzatzen dira, bi erakundeen arteko Familia Enpresaren Katedraren bidez.