Erribera eta Lizarrako enpresen berrikuntza eta inbertsioa sustatzeko egitasmoa abiatu dute

Raíz izeneko programa AER eta LASEME elkarteen iniziatibaz sortu da, eta zonaldeko 28 udalerriek dagoeneko bat egin dute proiektuarekin

Chivite atzoko aurkezpen ekitaldian, Azkoienen | Argazkia: Nafarroako Gobernua Chivite atzoko aurkezpen ekitaldian, Azkoienen | Argazkia: Nafarroako Gobernua

Maria Chivite Nafarroako presidentea Azkoienen izan zen atzo, Raíz izeneko proiektuaren aurkezpenean. AER (Asociacion Empresa Ribera) eta LASEME (Asociación de Empresas de la Merindad de Estella) elkarteek bultzatuta, Erriberan eta Lizarrerian berrikuntza, inbertsioa eta enplegu sorrera sustatzea du helburu proiektuak. Hala, dagoeneko zonaldeko 28 udaletxek egin dute bat proiektuarekin.

Atzo egindako ekitaldian, Chiviterekin batera izan ziren, Mikel Irujo Industria eta Trantsizio ekologiko eta digitaleko kontseilaria, eta AER eta LASEME erakundeetako presidenteak, Rafael Loscos eta Carlos Ros. Era berean, zonaldeko udalerrietako zenbait alkate ere izan ziren.

Egitasmo publiko-pribatua da Raíz programa, eta hori nabarmendu nahi izan du Chivitek. "Elkarrizketaren eta lankidetza publiko-pribatuaren bidez irtenbideak bilatzearen aldekoa naiz. Eta proiektu hau eredu ezin hobea da". Hala, proiektua, “komunitatetik eta komunitatearentzat”, zonaldeko enpresari elkarteek bultzatzearen garrantzia azpimarratu du. “Horrelako proiektuek lurralde- eta gizarte-kohesio handiagoa bultzatzen dute, enpresa-sarea modu orekatuagoan banatuz, hori baita Foru Gobernuaren helburuetako bat”.

Azkoien, Ribaforada, Martzilla, Murchante, Los Arcos, Ablitas, Carcar, Lodosa, Cabanillas, Alesbes, Fitero edota Arroitz herriak, besteak beste, jadanik batu dira egitasmora.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK