• BERRIKUNTZA
  • Esne-behien ustiategien ingurumen-kudeaketan laguntzeko proiektua garatuko du Neikerrek

Esne-behien ustiategien ingurumen-kudeaketan laguntzeko proiektua garatuko du Neikerrek

Paratuberkulosiaren detekzio goiztiarrerako eta hazkunde geldoko oilaskoen monitorizaziorako beste bina proiektu ere egingo ditu

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko abuztuaren 17a - 16:44
Eg. 2026ko abuztuaren 17a - 16:57

Abeltzaintza ildoari loturiko Neikerren hiru proiektu hautatu ditu Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak Ezagutza Sortzeko Proiektuak – Ikerketa Orientatua INIA – autonomia-erkidegoak deialdiaren baitan, zeinak helburu duen nekazaritzako elikagaien sektorearen erronka nagusiei erantzuteko ikerketa-ekimenak diruz laguntzea. 

 

Horietako bat da Dairytek, adimen artifizialaz baliatuko dena esne-behien ekoizkortasuna hobetu asmoz. Zehazki, ustiategien ingurumen-kudeaketa hobetu nahi dute, klima aldaketak duen eragina murrizteko, eta ereduak hainbat teknologietatik loturiko datuak integratuko ditu, tartean IoT sentsoreetatik, produkzio-informaziotik eta adimen artifizialeko ereduetatik. Pilar Merino NEIKEReko Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Saileko arduradunak koordinatutako proiektuaren hiru urteko aurrekontua 363.750 eurokoa da, eta ekarpena EAE zein Galiziako etxaldeei egingo die, Vigoko Unibertsitatearen lankidetzan diharduelako zentro teknologikoak, baita diziplinarteko taldea izan ere. 

Beste proiektu bat Early-PTB da, Animalia Zientzia Saileko Marta Alonso doktoreak koordinatzen duena, SERIDAko Animalien Bioteknologia Zentroarekin elkarlanean garaturikoa. Kasu honetan, behien paratuberkulosia lehenbailehen antzematea du helburu, baita gaixotasunarekiko erresistentzia natural nabariena duten animaliak zeintzuk diren antzematea. Alonsok emandako datuen arabera, gaitzak 364 milioi euro baino gehiagoko galerak ekartzen dizkio EBko abeltzaintzari. 

 

Proiektuak 506.250 euroko aurrekontua izango du diagnostiko-teknika berriak eta analisi "omikoak" uztartzeko, albaitari zein abeltzaintzako profesionalei erremintak eskaini asmoz. Hainbat emaitza lortzea espero da, besteak beste hainbat markatzaile biologiko elkarrekin aztertzea, horietako batzuk berriak, Edinburgoko Unibertsitatearekin lankidetzan. 

Hirugarren proiektuan, Slowelair izenekoan, Neikerreko lantaldeak hazkunde geldoko oilaskoen ongizatea bermatzeko monitorizazio lanak egingo ditu. Animalia Zientzia Saileko Xavier Averós ikertzailearen gidaritzapean, hiru urteko 83.760 euroko aurrekontua du. Helburua da identifikatzea animali horietan zein ingurumen-aldagaik eragiten duten gehien, horretarako teknika aurreratuak aplikatuta. Azken hori da berrikuntza nagusia. 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain