ETEen eraldaketa digital eta jasangarriaz aritzeko jardunaldia aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak

'Re-think industry'ren bigarren edizioa otsailaren 16an izango da Donostiako Kursaalen, eta hainbat enpresen lorpenak eta erronkak izango dituzte hizpide

Javier Larrañaga Ekonomia Sustapenerako diputatua eta Jon Gurrutxaga Berrikuntza zuzendaria, gaur goizeko aurkezpenean | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Javier Larrañaga Ekonomia Sustapenerako diputatua eta Jon Gurrutxaga Berrikuntza zuzendaria, gaur goizeko aurkezpenean | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Partekatu, hausnartu eta ikasi. Helburu horrekin aurkeztu du gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiak Re-think industryren bigarren edizioa. Hain zuzen, enpresa txiki eta ertain industrialen eraldaketa digital eta jasangarria izango dute hizpide hilaren 16an egingo den jardunaldian, eta zuzendari nagusiek, kudeatzaileek, I+G+bko zuzendariek eta industria arloko bestelako profilek parte hartzea espero da.

Javier Larrañaga Ekonomia Sustapenerako diputatuaren hitzetan, trantsizio digital eta ekologikoaren aurrean garrantzitsua da "ETEen ondoan" izatea, "asko baitugu jokoan". Izan ere, industria % 24,ko pisua du Gipuzkoako BPGan eta % 24koa enpleguan. Are gehiago, 50 langiletik beherako langileek hartzen dute lurraldeko enplegu guztiaren %61,30.

Kursaaleko jardunaldian hainbat mahai-inguru izango dira. Besteak beste, jorratuko diren gaiak dira prozesuak eraginkorragoak bihurtzea —AFMk gidatuta, Ekide, Gurelan eta Talleres Tellería enpresekin—, produktu adimentsu eta berriekin lehiatzea zer den —Innobasquek gidatuta, Iruko Berri, Apel eta Domusa Teknikekin—, edo bezeroengana gerturatzeko modua —Gipuzkoako Bazkundeak gidatuta, Alfa Hogar, Reiner eta Bernardo Ecenarro SA enpresekin—.

Horrekin batera, hitzaldiak ere izango dira, Javier Martínez Aldanondo ahokulariak emandako 'Erakunde adimentsuen mundurantz' eta Nerea Aranguren Danobat Group taldeko Berrikuntza zuzendariaren 'Fabrikazio sektorearen eraldaketa digitala: berrikuntza eta talentua, inpaktu handiko faktore gisa'.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK