Europako Batzordeak ikerketa bat zabaldu du Meta konpainia teknologikoaren aurka, Whatsapp mezularitza plataforman adimen artifiziala txertatu duela eta. Europak susmoa du multinazional estatubatuarrak ez dituela merkatuak ezarritako adimen artifizialaren gaineko arauak bete, eta frogatu nahi du ea merkatuko lehiakideen teknologia txertatzeko aukera mugatzen ari den.
Joan den urrian, adimen artifizialeko hainbat hornitzaileri Whatsappeko erabiltzaileekin harremanetan jartzea debekatu ziela iragarri zuen Metak. "Ikertzen ari gara ea Metaren politika berri hau legez kanpokoa izan daitekeen, eta ea azkar jardun behar dugun AAren esparruan lehiari kalte konponezina saihesteko", azaldu du Teresa Ribera Europako Batzordeko presidenteorde eta Lehia komisarioak.
Mark Zuckerbergen enpresak monopolioaren aurkako araudia urratu duelaren zantzuak ikusi ditu EBk, eta hori dela eta, abiatu dute ikerketa. Batzordeak uste du Metaren estrategia honen bidez, AA sortzen duten beste enpresek ezingo dutela Whattsappen erabiltzaileengana iritsi, eta soilik Metaren zerbitzua izango dutela eskuragarri.
Riberok argitu du lehentasuna emango diotela ikerketari. “Europako herritarrak eta enpresak AAren iraultza teknologikoari onura ateratzea ziurtatu behar dugu, eta eragile digital handiek beren nagusitasuna erabiliz gero, esku hartu behar dugu”, adierazi du.
Howard Lutnick eta Jamieson Greer AEBetako merkataritza arduradun nagusiak Bruselan izan eta astebetera iritsi da Batzordearen ikerketa. Trumpen agindupean, presio handia egiten ari da AEBetako enpresa teknologikoei askatasun gehiago emateko.