Euskal berrikuntzaren mapa aurkeztu du Innobasquek

Berrikuntzaren Euskal Agentziak 2021eko balantzea egin du. 2022an berrikuntzan egindako inbertsioa 1.630 milioi eurotik gertu egotea aurreikusten da

Innobasqueren 15. Batzar Nagusia. Argazkia: EnpresaBIDEA Innobasqueren 15. Batzar Nagusia. Argazkia: EnpresaBIDEA

Makina-erremintaren biurtekoaren testuinguruan ospatu du Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak bere 15. Batzar Nagusia. Bertan Manuel Salaverria Innobasqueko presidenteak eta Leire Bilbao zuzendariak 2021eko kudeaketa txostena eta 2022ko aurrekontua aurkeztu dituzte.

2021 eta 2024 bitarteko plan estrategikoaren baitan kokatu ditu Leire Bilbaok 2021eko emaitzak. Enpresa txiki eta ertainen berrikuntza areagotzea helburu du Innobasquek eta horretarako Europako Horizonte eta Next Generation funtsak aprobetxatu behar direla nabarmendu du Bilbaok. "Berrikuntzaren aldeko joerak monitorizatzeko eta bera gizarteratzeko esfortzua" ere nabarmendu nahi izan du Innobasqueko zuzendariak. 

2021 jarduera handiko urtea izan da Euskal Berrikuntzaren Agentziarako. Bere bazkideak euskal I+G arloaren % 62 dira eta 905 entitatek osatzen dute Innobasque, erdia enpresak dira, % 86 txikiak eta ertainak. Administrazio publikoak, ikasketa zentroak eta Euskal Berrikuntzaren Ekosistemako eragileak ere Innobasqueko kideak dira.

2021ean zehar Innobasquek 68 enpresari eman die aholku, 526 erakunde sartu ditu barne eta 480 euskal erakunderi Europako programen etekina lortzen lagundu die.

Manuel Salaverriak Euskadi Europako eskualdeen artean 93. postuan dagoela nabarmendu du, berrikuntza altuko eskualde gisa izendatuz. Lorpen ona bada ere oraindik asko egiteko dagoela azpimarratu du Innobasqueko presidenteak. Berrikuntza aurrerapen tresna gisa definitu du Salaverriak eta Innobasque eremu publiko eta pribatua lankidetzan aritzeko gune gisa aldarrikatu du "Euskadi herrialde justuagoa izateko".

Iñigo Urkullu Lehendakariak Batzar Nagusiaren bukaera ekitaldian parte hartu du. "Ezjakintasun egoeretan erantzuna berrikuntza izan behar dela" adierazi du Urkulluk. Berrikuntza EAEko Barne Produktu Gordinaren % 2,08 dela baina "oraindik Europarekiko aldea badagoela" nabarmendu du. 

Berrikuntzaren kultura enpresaren muinean errotuta egoteko deia egin du Urkulluk eta gogorarazi du 10 enpresetatik 6k ez dutela berrikuntzarik egiten eta horrek "lehiakortasuna galtzeko arriskua suposatzen duela".

Euskal Berrikuntzaren Mapa

Batzar Nagusiaren bukaeran Euskal Berrikuntzaren Mapa aurkeztu du Innobasquek. Mapa honi esker enpresek beren lehiakortasuna handitzeko aukera izango dute berrikuntzaren bidez. "Enpresa eta eragileentzako GPSa" izan nahi du Berrikuntzaren Mapak, Innobasqueko arduradunen hitzetan. Plataforman ia 650 soluzio jasotzen dira, bai eta Berrikuntzaren Ekosistemako 250 eragileren kontaktuak eta 125 kasu praktiko ere. Mapa bizia izan nahi du eta Berrikuntzaren Ekosisteman emandako urrats berriak jasoko ditu etengabe.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK