• BERRIKUNTZA
  • Euskal Encounterren 34. edizioa egingo da ostegunetik igandera

Euskal Encounterren 34. edizioa egingo da ostegunetik igandera

4.000 ordenagailu baino gehiago eta 5.000 parte-hartzaile inguru espero dituzte antolatzaileek

Argazkia: Euskal Encounter
Argazkia: Euskal Encounter
2026ko uztailaren 21a - 14:38

Datorren ostegunetik igandera Euskal Encounter topaketaren 34. edizioa egingo da Barakaldoko BECen. Europako erreferentziazko bilgune teknologikoetako bat da Euskal Encounter, eta bertan izango dira 4.000 ordenagailu baino gehiago eta 5.000 parte-hartzaile inguru.

 

Prestakuntza espezializatua, lehiaketak, sormen digitala, networkinga eta dibulgazio teknologikoa uztartuko dituzten ia 200 jarduera izango dira BECen, eta azpiegiturak 70 gigabit segundoko Interneteko konexioa izango du Euskaltelen eskutik. Aurtengo programak, halaber, eraldaketa digitala bultzatzen ari diren bi teknologiatan jarriko du arreta berezia: adimen artifizialean eta konputazio kuantikoan. Hala ere, ez dira alde batera utziko zibersegurtasuna, eduki digitalen sorrera, bideo-jokoen garapena, hezkuntzan aplikatutako tresna digitalak edo sektore teknologikoak eskaintzen dituen lan-aukera berriak bezalako arloak.

Javier Gómez-Arrue Euskal Encounterreko antolatzaile nagusiaren hitzetan, “Euskal Encounter party bat baino askoz gehiago da; teknologian eta berrikuntzan oinarritutako topagunea da, pertsonak eta haien proiektuak elkarrekin lotzen dituena, teknologia gizartera hurbiltzen duena eta teknologiaren oraina nahiz etorkizuna erakusten dituena”.

 

Ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoan, Nerea Enbeita Euskaltel Fundazioko zuzendariak adierazi duenez, Euskaltel Fundazioan 25 urte baino gehiago daramatzate "teknologia pertsonengana hurbiltzen, STEM bokazioak sustatzen, talentua prestatzen, arrakala digitalak murrizten eta ezagutza partekatzeko guneak sortzen. Helburu horiek guztiak batera betetzen dituen jarduera batean pentsatzen badut, ez zait Euskal Encounter baino adibide hoberik bururatzen”.

Elixabete Garcia Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendariak, era berean, azpimarratu du eraldaketa digitala ez dela "une jakin bat", baizik eta etengabeko ikaskuntzaren, berrikuntzaren eta aukera berrien bidea: “Teknologia berri bakoitzarekin eraikitzen den ibilbidea da”, esan du.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain