• BERRIKUNTZA
  • Euskal komunitate digitalaren erronka globalak aztertuko dituzte Euskarabilduaren 14. edizioan

Euskal komunitate digitalaren erronka globalak aztertuko dituzte Euskarabilduaren 14. edizioan

Iametzak antolatutako dibulgazio jardunaldia azaroaren 4an egingo da Donostiako San Telmo Museoan. Nazioarteko nahiz bertoko adituak bilduko dira

Argazkia: Iametza
Argazkia: Iametza
2025eko urriaren 14a - 18:08

Nork gobernatzen du Internet? Euskal komunitate digitala erronka globalaren aurrean lelopean, Interneten gobernantza eta euskal komunitateak sare globalean duen papera izango dute hizketagai Euskarabilduaren 14. edizioan. Iametzak antolatutako topaketa azaroaren 4an egingo da Donostiako San Telmo Museoan, 9:00etatik 13:15era.

 

Dibulgazio jardunaldi bat da Euskarabildua, zeinak euskara eta teknologia uztartzea helburu duen, eta aurtengo edizioan, aurrekoen gisan, nazioarteko nahiz tokiko adituak bertaratuko dira, hala nola Manuela Battaglini, datuen etikan eta pribatutasunean espezializatutako abokatua, Cristina Caffarra, Eurostack proiektuaren bultzatzailea eta lehiakortasun ekonomikoan aditua, Amadeu Abril (abokatua eta .cat domeinuen sustatzailea), Josu Waliño, PuntuEUS Fundazioko zuzendaria edota Iratxe Esnaola, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea.

Datuen pilaketa eta korporazio teknologiko handien nagusitasunari buruz hausnartzeko tartea eskainiko du aurtengo Euskarabilduaren edizioak, eta tokian tokiko hainbat proiekturen ibilbidea ere ezagutaraziko da, burujabetza digitala praktikan nola gauzatzen den erakusteko: Bernat Etxepare Lizeoko esperientzia, Zibergara, burujabetza teknologikoa sustatzeko elkartea eta Zikloan, hilekoaren jarraipena egiteko euskal aplikazio independentea.

 

Teknologian interesa duen edonori zuzendutako jardunaldia da. Izen-ematea doakoa da eta zabalik da jada www.euskarabildua.eus webgunean