Euskaltelek, Tekneik, Dominionek eta Jaurlaritzak enpresak digitalizatzeko zentro bat sortu dute

'Atlantic Data Infrastructure' azpiegitura teknologikoari esker, erakundeek informazioa hodeian biltegiratzeko gaitasun handiagoa izango dute

'Atlantic Data Infrastructure' azpiegitura teknologikoa | Argazkia: Euskaltel 'Atlantic Data Infrastructure' azpiegitura teknologikoa | Argazkia: Euskaltel

Euskaltelek, Teknei Taldeak, Dominionek eta Eusko Jaurlaritzak ‘Atlantic Data Infrastructure’ (ADI) sortu dute, lehen mailako datu-zentro handi bat, eremu atlantikoko enpresen eta erakundeen eraldaketa digitala bultzatzeko. Telekomunikazioen operadoreak jakitera eman duenez, azpiegitura teknologiko berri horri esker, enpresek eta erakundeek informazioa hodeian biltegiratzeko gaitasun handia izango dute, segurtasun handieneko eta hurbiltasuneko irizpideen arabera, eta horren gainean garatuko dituzte eraldaketa digitaleko prozesuak.

Datu-zentroak bikaintasuna, fidagarritasuna, iraunkortasuna, eskalagarritasuna eta hurbiltasuna emango ditu, eta, gainera, eragin ekonomiko eta sozial handia izango du bere eragin-eremuan.

Hasiera batean, Euskaltelek, Dominionek eta Tekneik %21,25eko partaidetza du bakoitzak, eta Eusko Jaurlaritzak %15ekoa. Hala ere, erakundea etorkizun hurbilean bazkide berriak hartzeko asmoarekin sortu da. Zuzendari nagusi postuan, berriz, Alex Etxeberria izango da, IKT sektorean eskarmentu eta ezagutza handia duen profesionala.

Proiektuak Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan, Ezkerraldea/Meatzaldeko campusean, lehen instalazio bat egin asmoa du, 2024ko lehen seihilekoan hasita zerbitzu eskainiko duena, eta ondoren bigarren eta balizko hirugarren instalazioak egin nahi dituzte kokapen banatuetan. Instalazio bakoitzak bi modulu izango ditu, bakoitza 1 MWkoa, eta modulu horiei pixkanaka egingo zaie aurre. Data hori baino lehen, ADI 2023ko bigarren hiruhilekotik aurrera hasi ahal izango da bezeroei zerbitzuak ematen, Euskaltelek Zamudioko Parke Teknologikoan dituen instalazioei esker.

Proiektuaren bultzatzaileek nabarmendu dutenez, Data Center sortzeak aurrerapen handia ekarriko du eraldaketa-prozesu digitalean eta erakundeen eta enpresa digitalen ekosistema garatzean. Horrez gain, datu-zentro handi bat eraikitzeak onura gehigarriak dakarzkio tokiko ekonomiari ere, hala nola lanpostuak sortzea eta aberastasuna sortzea bere eragin-eremuan. Data Centerren inpaktu ekonomikoa 3.000 milioi eurotik gorakoa izatea espero da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK