Euskara, aragoiera, katalana eta okzitaniera digitalizatzeko Linguatec IA proiektua abian da

Elhuyarrek Orai zentroaren bitartez gidatutako egitasmoa da, eta jada ari dira hizkuntzaren prozesamenduarekin lotutako zenbait esparrutan lanean

Argazkia: Elhuyar Argazkia: Elhuyar

Hizkuntza gutxituentzat berebiziko garrantzia du adimen artifizialaren olatura igotzeak. Linguatec IA Europako proiektuak baliabide gutxi dituzten hizkuntzetan adimen artifizialaren ezagutza garatzea du helburu, eta zehazki, aragoiera, katalana, euskara eta okzitaniera digitalizatzen aurrera egiteko urratsak eman eta horien azpiegitura linguistiko adimendun bat eraiki nahi dute.

Europako Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (INTERREG) finantzaketa jaso du proiektuak. Elhuyarrek gidatuta, Orai adimen artifizialeko zentroaren bidez, beste hainbat erakunde daude proiektuaren atzean, hala nola, Lo Congrés Permanent de la Lenga Occitana, HITZ zentroa (EHU), Tolosako Jean Jaures Unibertsitatea, Perpinyàko Unibertsitatea, Baionako IKER-CNRS, Aragoiko Gobernua eta Lleidako Unibertsitatea.

Josu Aztiria Linguatec proiektuaren koordinatzaileak adierazi duenez, Piriniotako sei hizkuntzen inguruan komunitate zientifiko bat osatzen duten goi-mailako zenbait erakundek osatzen dute patzuergoa, “zeinak hizkuntza horiek berreskuratu eta biziberritzeko helburua baitute”. Halaber, egitasmoak “mugaz gaindiko lurraldeko gizartea eta kultura egituratzen laguntzen du, tokiko kulturaren funtsezko elementu bat indartuz: hizkuntzak”, gehitu du.

Proiektuan parte hartzen duten erakundeak jada lanean ari dira hizkuntzaren prozesamenduarekin lotutako zenbait esparrutan, hala nola konputazioko eta hizkuntza-baliabide mugatuko egoeretara egokitutako arkitektura neuronalak eta algoritmo berriak garatzen. “Euskararen, katalanaren, okzitanieraren eta aragoieraren eta haien dialektoen transkripzioko, itzulpen automatiko neuronaleko eta ahots-sintesiko sistemak hobetu nahi ditugu, frantsesarekin eta espainierarekin konbina daitezen”, azaldu du koordinatzaileak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK