• BERRIKUNTZA
  • Euskarazko txatbot berria aurkeztu du Oraik: Kimu

Euskarazko txatbot berria aurkeztu du Oraik: Kimu

Testuak laburtzeko, dokumentuak aztertzeko edota itzulpenak egiteko erabilgarria da garatutako eredua

Oraiko ikertzaileak | Argazkia: Orai NLP
Oraiko ikertzaileak | Argazkia: Orai NLP
2025eko urriaren 9a - 12:04

Kimu izeneko enpresentzako eta erakundeentzako euskarazko txatbot berria garatu du Orai NLPk. Adimen artifizialeko zentroak azaldu duenez, txatbota ordenagailuetan eta zerbitzarietan erraz instala daiteke, eta erabiltzaileei aukera emango die orotariko gauzak euskaraz eskatzeko: itzulpenak edo laburpenak egiteko, dokumentuei buruzko galderei erantzuteko, testuak zuzentzeko… Gainera, eredua egokitu egin ahal izango da erabiltzen duen erakundearen beharretara, “emaitzen kalitatea are gehiago hobetzeko”.

 

Kimuren teknologia SLM kategorian sartzen da (ingelesez, Small Language Models), hau da, LLMen (Large Language Models) artean tamaina txikia du euskarazko ereduak. Orai zentrotik jakinarazi dute horrelako SLM hizkuntza-eredu txikiek “emaitza lehiakorragoak” eskaintzen dituztela, batik bat, “behar berezietarako egokitzen direnean”; horrez gain, arinagoak eta azkarragoak dira, baliabide gutxiago behar dituzte, baita energia gutxiago ere.

Kimu pantaila argazkia
Argazkia: Orai NLP

Txatbotaren emaitzen kalitatearen eta kontsumoaren arteko orekari erreparatuz gero, Xabier Saralegi Oraiko NLP Teknologietako arduradunak dio euskarazko eredua “paregabea” dela: “Makina merkeagoa behar da eredu hau instalatzeko, eredu libre handiagoek askoz makina garestiagoak behar baitituzte, eta emaitzen kalitatean eskaintzen duten hobekuntza ez da hain handia hainbat atazatan”, gaineratu du.

 

Oraiko ikertzaileek lan handia egin behar izan dute eredu berria garatzeko, euskara hizkuntza txikia den heinean, testu-kantitate gutxi daudelako adimen artifiziala entrenatzeko. Halere, “ikertzaileak hainbat estrategia ikertzen” ari dela jakinarazi du zentroak, euskarara egokitzen diren soluzio egokiak bilatzeko asmoz.