• BERRIKUNTZA
  • Euskararen 'corpus' digitala garatuko du Euskorpus egitasmoak

Euskararen 'corpus' digitala garatuko du Euskorpus egitasmoak

Euskarazko datu-paketeak garatuko ditu Euskorpora elkarteak sustatuko proiektu honek, adimen artifizialaren munduan euskararen presentzia indartzeko

Argazkia: Irekia
Argazkia: Irekia
2025eko otsailaren 19a
Eg. 2025eko otsailaren 20a

Euskorpus izeneko proiektua aurkeztu dute gaur Donostian. Euskorpora elkarteak sustatuta, adimen artifiziala euskaratzeko helburua du ekimenak, euskarazko datu-paketeak garatuz. Modu honetara, gailu elektronikoek (smartphone, tablet, smartwatch edota Siri edo Alexa bezalako laguntzaile digitalek) erabiltzaileekin euskaraz elkarreragiteko gaitasuna izango dute.

 

Goizeko aurkezpenean izan dira Imanol Pradales lehendakaria, Ibone Bengoetxea lehendakoriordea eta Mikel Jauregi eta Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak, besteak beste. Proiektuaz gain, Euskorpora elkartea aurkezteko ere probestu dute ekitaldia. Euskara esparru digitalean sustatu eta bermatzeko, euskararen corpus digitala bilduko du elkarte honek, eta Euskorpuz proiektua garatzea izango da bere helburu nagusia.

Era berean, euskararentzako kode irekiko oinarrizko ereduak sustatuko ditu Euskorporak, hura kontserbatu, mantendu eta ehun industrialean zein sozialean eragiteko. Euskorporako presidente Julian Florezek nabarmendu duenez, "ingurune digital berrietan euskararen presentzia zaintzeko ardura eta betebeharra dugu, baita adimen artifizialeko sistemen eta euskararen zerbitzura dauden hizkuntzaren teknologien ahalmen guztia aprobetxatzekoa ere. Hori da gure apustua, erronka handia da, eta badakigu gauzak nola egin, eta horretarako ondo kokatuta gaude".

 

Bestalde, Padralesek adierazi du Euskorpusek "adimen artifizialaren eta hizkuntzaren teknologien potentzial osoa euskararen, gure enpresen eta ikerketaren zerbitzura jarriko” duela. “Horretarako, gure gaitasun guztiak lerrokatuko ditugu, lankidetza publiko-pribatuaren bidez, euskarazko testuen corpus digitala hobetzeko”. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak 5,55 milioi euro jarri ditu proiektu honetan.

Jaurlaritzaz gain, erakunde hauek dira Euskorpora elkartearen kide: Vicomtech, Ereil Technologies, Trebe Language Technologies, Euskaltzaindia, Baleuko, Mixer, EITB, CAF, MCC, Petronor, Euskaltel fundazioa, Kutxabank, PWC eta Logikaline.