Hilabete baino gutxiago falta da Makina-Erremintaren Biurtekoa hasteko, eta han-hemenka ikusten hasiak dira bertan topatu ahalko diren elementuen zenbait zertzelada. Ideko, Danobatgroupeko zentro teknologikoa eta BRTAko kide dena, izan da azkena. Sektore aeroespazialeko ekoizpenean lagunduko duten soluzioak aurkeztuko ditu lehenengo pabilioian izango den E20 erakustazokan. Izan ere, bere fakturazioaren %25 baino gehiago dator sektore horretatik.
Zehazki, hegazkineko egiturazko pieza bat neurtu eta ikuskatu dezakeen robot kolaboratiboaren lana erakutsiko dute, 3D eskaneatuaren bitartez lan egiten duena. Halaber, aeronautikako ekoizpen planta baten gauzaturiko digitalizazio kasu baten adibidea ere erakutsiko dute, motor bateko piezen kontrol kalitatea egitea ahalbidetzen duena prozesuaren eta makinaren egoeraren kontrola eramanda adimen artifizialaren laguntzarekin. Harkaitz Urreta Idekoko Merkatu zuzendariak azpimarratu duenez, "aurrerapen teknologikoak erakutsiko ditugu, ingurune errealetan aplikatu eta baliozkotu direnak. Aeronautika-lantegietako industria-arazoei aurre egiteko prestatuta daude, baina, gainera, fabrikazio aurreratuko beste sektore batzuetara estrapolatu daitezke, hala nola energiara, automobilgintzara edo trenbideetara".
Biurtekoaren aurtengo edizioa, gainera, berezia izango da Idekorentzat. Izan ere, 40 urte dira zentro teknologikoa sortu zenetik, eta azoka ospakizunerako topagune izango da