Fabrikazio gehigarria edo 'eskulangintzaren' itzulera

Azkeneko urteetan hazten ari da teknologia mota honen —edo hauen— aldeko apustua egiten ari den enpresak eta zentro teknologiko kopurua, eta horietako 100ek erakustokia dute egunotan Addit3D azokan, makina-erremintaren biurtekoarekin batera eginikoan. Makinak eta piezak diseinatzeko moduari buelta ematen dio teknologiak, materialen efizientzia bermatuz. Hala ere, baditu bere erronkak ere

Alberto Muñecas Ona-Sammylabsen makinaren xehetasunak azaltzen | Argazkia: Maite Reizabal Alberto Muñecas Ona-Sammylabsen makinaren xehetasunak azaltzen | Argazkia: Maite Reizabal

Fabrikazio gehigarri edo aditiboa 1970ko hamarkadan sortutako teknologia izanik ere, azkeneko hamarkadan geroz eta enpresa gehiagok egin dute horren aldeko apustua. Makina-Erremintaren Biurtekoan 2012an izan ziren lehen aldiz teknologia honen bitartez piezak fabrikatzen aritu ziren enpresak. "Ikusi genuen AFMrekin batera guztiz desberdina zen teknologia bat garatzen ari zela, ordura artekoaren osagarria izan zitekeena. Lehenengo urtean BIEMH azoka nagusiaren barruan fabrikazio aditiboari lotutako espazioa sortu genuen, fabrikazio gehigarriari lotutako prototipoak zituzten hamabi bat erakustokirekin. Hortik jaio zen Addit3D", kontatu du Mario Goffard BECeko marketin zuzendari eta zuzendari komertzialak.

Aurten, 100 bat firmak egin dute bat Addit3Dekin, askotariko soluzioak aurkezteko. ONA durangarrak, esaterako, beste soluzioen artean Sammylabsekin sortutako fabrikazio gehigarriko makina aurkeztu du. "Gure negozioa eletroerosioa da, eta 70 urte daramatzagu teknologia horrekin lan egiten. Baina une batetik aurrera dibertsifikatzeko beharra ikusten dugu, eta hor hasten gara fabrikazio aditiboarekin, tendentziekin bat egiteko, eta guk egiten dugunaren gehigarri gisa", azaldu du Sergio Ruiz de Larrea ONAko zuzendari komertzialak. Alegia, "zenbait sektoretan dugun ezagutza aprobetxatzen dugu. Eta nolabait maximizatu egiten dugu gure sare komertziala", esan du Ruiz de Larreak.

Sergio Ruiz de Larreta: "Zenbait sektoretan dugun ezagutza aprobetxatzen dugu. Eta nolabait maximizatu egiten dugu gure sare komertziala

Lortek zentro teknologikoak ere fabrikazio aditiboko soluzioak ekarri ditu azokara. "Azkenean, Lortekek askotariko teknologiatan egiten du lan, bai lotura teknologian, baita fabrikazio aditiboan ere", kontatu du Maider Arana Lortekeko doktoregaiak. "Guk hasieratik soldaduraren aldeko apustua egin dugu, baina jaio eta bost urtera laser bidezko soldadura prozesuei buruzko ezagutza handia genuenez beste teknologia batzuei lotutako jakinmina piztu zitzaigun. Ezagutza hori baliatu genuen fabrikazio aditiboan hasteko", adierazi du Maria San Sebastian Lortekeko fabrikazio gehigarriko ikerketa taldeko arduradunak.

Zer da fabrikazio gehigarria

Fabrikazio aditiboaz hitz egitean, funtsean, piezak egiteko moduari buelta ematen dio. "Mekanizazio tradizionalean zuk materialaren masa osoa hartu eta hustu egiten duzu, zizelkatu. 3Dan margotu egiten duzu eta elementuak gehitzen zoaz, ez kentzen. Piezaz piezako prozesua da", kontatu du Alberto Muñecas ONAko Esportazioen arduradunak. "Badirudi ezetz, baina teknologia honek, parte batean, eskulangintzara buelta dakar. Zuk pieza bakana egin dezakezu, arazo zehatz batentzat, eta gainera prozesu luze bat egiteko beharrik gabe", gehitu du ONAkoak. Hala ere, hori egiteko askotariko moduak daude. Bi adibide dira WAAM, LDM eta SLM.

WAAM —wired arc additive manufacturing edo haritutako arkoarena— da Maider Arana bere tesian lantzen ari dena, eta Lortekek bertan aurkeztu dutenetako bat. "Pieza handitarako da, geometria oso konplexua eskatzen ez dutenentzat. Haria erabiltzen da materiala pilatzeko, eta soldadura konbentzionaleko teknika erabiltzen da lotzeko", kontatu du. "Formatu handiko piezentzat da, produktibitate tasa altukoa. Hala ere, ezin dituzu pieza oso-oso konplexuak fabrikatu, ezin duzulako definizio maila handia lortu", gaineratu du San Sebastianek, ikerketa taldeko arduradunak.

Alberto Muñecas: "Mekanizazio tradizionalean zuk materialaren masa osoa hartu eta hustu egiten duzu, zizelkatu. 3Dan margotu egiten duzu eta elementuak gehitzen zoaz, ez kentzen. Piezaz piezako prozesua da"

SLM —laser powder bed fushion edo hauts ohearena— delakoak funtzionatzeko beste modu bat du. "Hauts ohe bat dugu, eta laserrarekin funditzen du nahi duen tokian, azkenean pieza bat egiteko", adierazi du Aranak. "Fabrikazioa bukatzen denean, pieza edo konponentea duzu, prest. Pieza oso konplexuak fabrikatzea ahalbidetzen du, eta diseinu mailan eskatzen du beste modu batera pentsatzea", azaldu du San Sebastianek. Sammylabsek eta ONAk elkarlanean egindako makinak teknologia hau erabiltzen du. Hautsa, kasu horretan, metalezkoa da. "Makina batentzat pieza bakana egin behar den kasuetarako ideala da. Zenbait aplikaziotan egiteko modu bakarra prozesu honen bitartez da. Lehen zenbait gauza edo pieza ezin ziren egin, eta orain gauza horiek egiteko modu bakarra da fabrikazio aditiboarena", azpimarratu du Muñecasek. Dena den, Adilan ONA barruan dagoen beste Joint Venture batekin WAAM teknologiako makina ere landu dute.

Hirugarren adibidea da LDM —laser metal deposition edo metalaren jalkitzea—. "Beste bien arteko tarteko zerbait lortzen da, ez SLM erabilita lortzen den geometria eta egitura konplexuarekin, baina WAAMekin lortutakoa baino finagoa den zerbait. Kasu honetan, hautsa, jalkitzen ari dela, funditu egiten da laser bitartez", adierazi du 

Materialen efizientzia

Edozein kasutan, teknologia mota honek "pieza konplexuak egitea ahalbidetzen du, mekanizatu tradizionalaren bitartez ezin direnak lortu. Barrutik hutsak direnak, adibidez. Zentzu horretan, beste teknologien osagarri izan daiteke", dio Goffardek. Pieza bakanak egiteko gaitasunaz harago, EnpresaBIDEAk elkarrizketatutako guztiek nabarmentzen dute materialen efizientzia areagotu egiten dela. "Ekologiarekin ere zerikusi handia du. Lehengaien kostua izugarri gutxitzen duzu, beharrezkoa besterik ez duzulako erabiltzen, bai energian, bai materian. Gainera, erabiltzen ez duzuna, berrerabili dezakezu. Beste zenbait prozesuetan, normalean landu gabeko piezari kendu egiten diozu, eta horrekin % 80 xahutzen duzun, ondoren birziklatu behar dena", adierazi du ONAko esportazioetarako arduradunak."Azkenean mekanizatuak landu gabeko pieza handi batetik hasi baino, kapaz kapa sortzen duzu. Materiala modu eraginkorragoan erabiltzen da", gaineratu dute Aranak eta San Sebastianek.

Beste abantaila bat biltegiratzeari lotuta dago. "Honi esker ez duzu zertan pieza fisikoen biltegia izan; pieza digitalen fitxeroa izan dezakezu. Eta gero, behar duzunean, fabrikatu. Agian, abantaila baino, negoziorako aukera da", azpimarratu du Lortekeko fabrikazio aurreratuko ikerketa taldeko arduradunak. Horrekin batera, pieza lortzeko itxaron beharreko denbora motzagoa izan daiteke, San Sebastianek dioenez.

Maria San Sebastián: "Honi esker ez duzu zertan pieza fisikoen biltegia izan; pieza digitalen fitxeroa izan dezakezu. Eta gero, behar duzunean, fabrikatu. Agian, abantaila baino, negoziorako aukera da"

Hala ere, baditu zenbait erronka ere. Batetik, teknologia asko badaude ere, ikusteko dago epe luzera begira nolako garapena izango duten eta zein gailenduko den. "Etengabe ateratzen ari dira kontzeptu desberdinak, batzuk arrakasta gehiago eta beste batzuk gutxiago dutenak", nabarmendu du San Sebastianek. "Segur aski, egungo hodeietik bi edo hiru teknologia geratuko dira", gehitu du Muñecasek.

Bestetik, oraindik ere hazteko prozesuan dabilen sektorea da. "Fabrikazio gehigarriko kontzeptuak urteko garapena badarama ere, benetan duela hamar urte hasi zen efiziente izaten. Eta orain hasten ari dira zenbait herrialdetan geroz eta ingeniaritza gehiago produktuak diseinatzen jakinda errekurtso hau badagoela. Euskadiko piezen gehiengoa, berriz, ez da diseinatzen soluzio honekin. Askotan metodo tradizionaletara jotzen da, garestiagoak, motelagoak eta inefizienteagoak direnak, batez ere serie txikietarak. Denbora, promozio eta batez ere ezagutza kontua da", azpimarratu du Muñecasek. Hori kontuan izanik, ONAko apustua "epe ertainerako inbertsioa dela", adierazi du Ruiz de Larreak. "Produktua etengabe hobetzen ari gara. Ziurgabetasuna gauza normala da, gero eta gehiago. Erreakzio hori eduki behar da, beti estrategikoki pentsatu, eta dibertsifikazio horretan gure apustua hori izan da", gaineratu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK