Farmazia industriarako EAEko lehen 3D bioinprimagailua jarri dute martxan

Bioinprimagailuak aukera emango du organo eta ehunen zein forma farmazeutikoen egitura tridimentsionalak lortzeko, fabrikazio aditiboko teknologien bidez

Bioinprimagailuaren aurkezpena | Argazkia: Tecnalia Bioinprimagailuaren aurkezpena | Argazkia: Tecnalia

Euskadiko funtzio anitzeko eta prestazio handiko lehen 3D bioinprimagailuak dagoeneko sortu ditu lehen botikak eta prototipo biologikoak. Terapia pertsonalizatuak garatzea ahalbidetuko dute, batez ere, pediatriaren, zahartze osasungarriaren, eta medikuntza birsortzailearen eta ehunen ingeniaritzaren arloetan, farmazia industriari eta osasun sektoreari zerbitzua eman ahal izateko.

Bioinprimagailuak aukera emango du organo eta ehunen zein forma farmazeutikoen egitura tridimentsionalak lortzeko, fabrikazio aditiboko teknologien bidez. Estrusiozko, tinta-zurrustazko eta termofusiozko inprimatze-buruei esker, bioinprimagailua gai da 3D egitura konplexuak, material biologikoen eta zelulen edozein konbinazio arbitrarioz osatuak, fabrikatzeko. Gainera, elektroirute- eta elektroidazte-teknikak erabiliz, ehunen birsorkuntzan eta biogailu sanitario aurreratuen fabrikazioan barneratu da bioinprimagailua. Aurten, era berean, teknologia mikrofluidikoetan oinarritutako osagai berriak eskuratuko dira, bioinprimagailua erronka biomediko berrietara zabaltzeko.

Hala, 3D inprimaketak bide bat irekitzen dio medikuntza pertsonalizatuari, merkaturatuta dauden metodo farmazeutiko klasikoekin tratatu ezin direnean. Hori da, esaterako, pediatriaren kasua, pisuaren eta patologiaren araberako dosifikazio espezifikoa behar baita, eta hori 3D inprimaketaren bidez konpon daiteke.

Baina, askotariko farmakoak modu kronikoan hartu behar dituztenentzat ere baliagarria izan liteke, 3D inprimaketak konprimitu bakar batean bateratu baititzake dosi horiek. Ehunen ingeniaritzaren eta medikuntza birsortzailearen esparruan, berriz, kartilagoaren, hezurraren, azalaren eta tendoiaren diseinuan lanean ari dira, zenbait proiekturen bidez.

Euskal Herriko Unibertsitateko NanoBioCel ikerketa taldea eta Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroa dira proiektu aitzindari horren buruak, eta Arabako Foru Aldundiak eman die babes ekonomikoa.

2023an eta 2004an, makinaren softwarearen eta adimenaren fase esperimentalean eta bilakaeran jarriko dute arreta ikertzaileek, ospitaleek eta farmaziek inprimatuak eta bioegiturak fabrikatzeko bioinprimagailuak izan ditzaten.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK