
Merkataritzaren digitalizazioa bultzatzeko eta gazteen gaitasun digitalak sendotzeko helburua duen Gandik proiektua aurkeztu dute PuntuEUSek eta Eusko Jaurlaritzak. Atzo Portugaleten (Bizkaia) eginiko ekitaldian eman zituzten egitasmoaren xehetasunen berri Maria Jose Blanco Portugaleteko alkateak, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak eta Josu Waliño PuntuEUSeko zuzendariak.
Gandiken bidez, Portugaleteko eta Beasaingo (Gipuzkoa) DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleek, beren irakasleen gidaritzapean eta PuntuEUSen laguntzarekin, tokiko negozioentzako webguneak garatuko dituzte. Modu honetara, gazteek aukera izango dute tokiko merkataritza sarea ezagutzeko eta, era berean, merkatariek gaitasun teknologikoak jasoko dituzte euren negozioa indartzeko.
Belaunaldien arteko loturak sortzeko balioko du egitasmoak eta euskararen presentzia digitala areagotzea ere badu xede. Ikasturte honetan, udalerri bakoitzean hamar saltoki inguru digitalizatzea aurreikusten da, lau hezkuntza-zentrok eta ehun ikasle inguruk parte hartuta.
Portugaleteko zein Beasaingo merkatariek oraindik badute Gandiken izena emateko aukera www.gandik.eus webgunearen bidez