• BERRIKUNTZA
  • Gilur sortu du Gipuzkoako aldundiak, nekazaritza ustiategien transakzioa errazteko plataforma

Gilur sortu du Gipuzkoako aldundiak, nekazaritza ustiategien transakzioa errazteko plataforma

Tresna digitalak nekazaritzarako azpiegitura eta lursailen jabeak erosleekin elkartuko ditu. Gipuzkoan, 309 ustiategi profesional baino gehiago 60 urtetik gorako jabeen esku daude

Maite Peñacoba, Xabier Arruti eta Jon Andoni Urdangarin | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Maite Peñacoba, Xabier Arruti eta Jon Andoni Urdangarin | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
2025eko urriaren 16a - 13:25

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gilur plataforma digitala jarri du martxan. Gipuzkoan nekazaritzako ustiategien eta lurren transmisioa errazteko sortutako tresna da, eta helburu du gaur-gaurkoz erabiltzen ez diren lursailak, azpiegiturak eta ustiategiak “berraktibatzea”, nekazaritza jarduera bat garatzeko interesa duten pertsonen eskura jarriz.

 

Azpiegitura nahiz lur horien alokairua eta salerosketa erraztu nahi du aldundiak, jabe pribatuak eta erosleak harremanetan jarrita. Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak prentsaurrekoa eman du gaur goizean plataformaren berri emateko. Bere aldamenean izan dira Maite Peñacoba Etorlurreko zuzendari nagusia eta Jon Andoni Urdangarin Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapeneko eta Lurralde Orekako zerbitzuburua.

Gilur lehen sektorearen belaunaldi erreleboa bermatzeko beharrezko tresna dela adierazi du Arrutik. Nekazaritza-zentsuaren datuen arabera, Gipuzkoan, 309 ustiategi profesionalek baino gehiagok 60 urtetik gorako jabeak dituzte, eta gehienek ez dute belaunaldien arteko erreleborik.

 

Arrutik nabarmendu du badirela “sektorean hasteko interesa duten baserritarrak, jarduera hori garatu ahal izateko ustiategirik edo lurrik ez dutenak”. Hartara, Gilur plataforma baliagarria izan daitekeela iritzi dio.

Plataforma digitala interesdunen zerbitzura jartzeaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundia, Etorlur sozietatearen bidez, aholkularitzaz arduratuko da bi aldeak harremanetan jarri eta kontratua formalizatzen laguntzeko.