Gipuzkoak terapia aurreratuen urrezko ligan jokatu nahi du

Gaur egingo den 'Etorkizuna Ikusmiran – Biozientzietako erronkak eta errealitateak Gipuzkoan' jardunaldiak orain arte egindako lanaren emaitzak aurkeztu eta erronkak identifikatzea izango du helburu

Onena Medicins izango da jardunaldian parte hartuko duen enpresetako bat | Argazkia: EnpresaBIDEA Onena Medicins izango da jardunaldian parte hartuko duen enpresetako bat | Argazkia: EnpresaBIDEA

Ahoskatzen asmatzen ez genuen Txinako eskualdearen berri jasotzen hasi ginerako, biozientzietako laborategi eta enpresetan lanaren erritmoa bizkortuta, are bikoiztuta, zebilen. COVID-19ak estres-test ikaragarria ekarri digu bizitzaren arlo guztietan, baina bizitzaren zientzietan diharduen askotariko espezializazioetan parerik ez du urte pare honetan bizi izandakoak. Gaur Gipuzkoako Parke Teknologikoan Etorkizuna Ikusmiran – Biozientzietako erronkak eta errealitateak Gipuzkoan jardunaldia buruko da, lurraldeak aspaldian abian jarritako estrategiaren emaitzak ezagutzera eman eta urratu beharreko bide berriak aztertzeko.

2020. urteak askotariko ikaspenak ekarri zizkigun, batzuk ahaztu egin ditugunak, baina erabateko adostasuna dago esatean zientziak, eta zehatzago, biozientziek aldea egin dutela. Bizitza eten egin zitzaigun ezezaguna zen gaitza neurririk gabe hedatzen hasi zenean, eta handik urtebetera gurean giza-talde zaurgarrienak txertatuta zeuden eta hilabete gutxira iritsi ginen, artean ezezagun zitzaigun “artalde-immunizazioa” delakora. Espainian osasun-larrialdia ezarri baino aurreko astean 750.000 PCR ekoizten ziren; gaur egun 10 milioitik gora eskura daitezke.

Nola gertatu da hori guztia? Lehendik zeuden gaitasunak jokoan sartu direlako, neurri handian. Egia da birusaren aurkakoa ez ezik, heriotzaren aurkakoa ere izan dela osasunaren biozientzietako sektoreko eragileek egin duten lasterketa, baina errealitate hori nekez uler daiteke zientzia, industria eta erakunde publikoak aspaldidanik zekarten lan eta estrategia kontuan hartu gabe.

Bi hamarkadatako apustuaren uzta

Euskal Autonomia Erkidegoa izan zen biozientziak garatzeko estrategia espezifiko bat izan zuen lehen autonomia erkidegoa, BioBasque 2010, 2002an abiatu zena, industria-sarea dibertsifikatuz, ezagutzan eta berrikuntzan sakontzeko. Une honetan, Euskadin 200 enpresa inguru kokatzen dira sektore honetan, 8.000 inguru langile, ikerketa-transferentzia eta ekintzailetzaren ekosisteman leku propioa irabazi dutenak. Enpresa gazteak dira, eskuarki, langile gutxikoak, baina oso espezializazio- eta prestakuntza-maila altuko langileek osatzen dute, nazioartean eskarmentua dutenak ia kasu guztietan. Oso kontuan hartzeko beste datu bat: hamarretik sei emakumeak dira.

Une honetan, Euskadin biozientzietako 150 enpresa inguru kokatzen dira, 8.000 inguru langile, ikerketa-transferentzia eta ekintzailetzaren ekosisteman leku propioa irabazi dutenak

Estrategia sendoaren baitan, lurraldeek espezializaziora jo dute eta ikerketa, transferentzia eta ekintzailetzaren neurriko konbinazioa sortu dute. Gipuzkoan lehen urratsak lurraldeko tradizio industrialaren bidetik iritsi dira, hainbat enpresen dibertsifikazio-bidea izan baita bioteknologia eta horri esker, gailu medikuetako garapenean diharduten enpresa-ehun sendoa sortu da. Hemendik aurrera? Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikitzen prozesuaren barruan, GANTT (Gipuzkoa Advanced New Therapies Territory) izenekoa da apustua, Gipuzkoa munduko erreferentzia gisa kokatu nahi duena zelulen, geneen eta RNAren terapiak garatuko duen industria-ekosistema garatzeko. Ikuspegi ekonomikotik, apustu honen arrazoiak argiak dira: ezagutzan intentsiboa den sektoreak kalitatezko enplegua sortzen du, enpresa-sare dinamiko eta goi-mailakoa ehuntzen laguntzen du eta gainera, jarduera ekonomiko berriak azeleratzeko gaitasun handia du, I+G+b berezkoa baitu. Enpresa traktoreak, sare zientifiko eta osasun-sistema batera jokatzen badute, etorkizuneko terapien ligan jokatuko du Gipuzkoak.

Enpresa txikiak, aukera handiak

Sektore osoa ez bada ere, sektorearen lagin aski esanguratsua da urte hauetan guztietan BIC Gipuzkoaren inguruan garatuz joan dena. Ekintzailetza aurreratuko proiektuen hauspoa da eta 2003. urteaz geroztik bertan lagundu diren proiektu guztien % 20 Biozientzien sektorekoak dira. Eta are garrantzitsuagoa dena: start-upen dinamika hegazkorra bada ere, proiektu horien erdiak baino gehiagok merkatuan jarraitzen dute.

Proiektuei diseinu, egonkortze, hazte eta garatze-faseetan eustea ez da erraza, eta hori bermatzeko askotariko inbertsio eta finantzaketarako tresnak eskuratu zaizkio sektoreari. Horren erakusgarrietako bat, esate baterako, Gipuzkoako espezializazio-estrategia “gorpuzten” duen Biozientziak fundazioa, erreferentziazko ekosistema sortzeko zutarria izan dena. Hamabi start-upen ibilbidea babestu du abian jarri zenetik, 3,6 milioi euroko zuzkidura ekonomikoarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxa Fundazioak 2011n sortu zuten. eta bost urte geroago Gipuzkoako sektore biosanitarioko produktuei laguntzera eta potentzial handiko enpresa-proiektuak garatzera zuzendu zen.

Berariazko tresnak eskatzen ditu sektoreak, pizgarrietan edo laguntzetan, eta baita industria-inbertsioak laguntzeko direnak sektoreko enpresen ezaugarrietara egokitzea ere

Denbora honetan guztian apustuari eutsi izana da, zalantzarik gabe, lortutako emaitzak azaltzeko gakoetako bat. Politika publikoak arnas luzekoak izan behar dira eta finantzaketaren jarraitutasuna kritikoa da epe ertain eta luzera. Berariazko tresnak eskatzen ditu sektoreak, pizgarrietan edo laguntzetan, eta baita industria-inbertsioak laguntzeko direnak sektoreko enpresen ezaugarrietara egokitzea ere. Iturri guztien arabera, hauxe da sektorearen inbertsio-estrategia bera sendotzeko unea, bioteknologien gaineko sentsibilitatea, are beharra, mailarik altuenetan dagoelako. Datuek diote finantza-eragile pribatuak ere jabetu direla horretaz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK