Gipuzkoako Foru Aldundiak 213.000 euro bideratuko ditu landa eremuko lursailak digitalizatzera

Hemendik hamar urtera lurraldeko landa-eremu guztiak GPS bidez “geoerreferentziatuta” egotea lortu nahi da

Irune Berasaluze foru bozeramailea | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Irune Berasaluze foru bozeramailea | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak landa-eremuko lurzatiak digitalizatzeko laguntzak onartu ditu gaur. Irune Berasaluze foru bozeramaileak azaldu duenez, aurten 213.181,96 euro bideratuko dira. Bai EAEn, bai Espainiako estatuan programa aitzindaria dela adierazi du Berasaluzek, eta “landa-inguruneak lurraldean dituen propietateen mugak hobeto zehazten eta eguneratzen laguntzea” du helburu, “mugak behar bezala identifikatuz eta horien kartografia digitala eginez".

Laguntza horien bidez, hamarkada bateko epean Gipuzkoako landa-eremu guztiak GPS bidez “geoerreferentziatuta” egotea lortu nahi da. Ildo horretan, Gipuzkoako landa-lursailen %80 esku pribatuetan daudela azaldu du: "jabetza oso banatuta dago, eta, beraz, batez besteko lurzatiaren tamaina txikia da". Lurzatien mugak "maiz nahasgarriak dira eta ez daude behar bezala eguneratuta", gehitu du.

Dagoeneko hainbat lursailetan lanean hasi dira Legazpin, Zegaman, Ataunen, Abaltzisketan, Azkoitian, Mendaron, Olaberrian, Orexan, Zumarragan, Elgetan, Aian, Albizturren, Antzuolan, Anoetan, Azpeitian, Baliarrainen, Beizaman, Deban, Aizarnazabalen, Altzon, Amezketan, Arrasaten, Asteasun, Belauntzan, Eskoriatzan, Idiazabalen eta Oñatin.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK