Ikasketa zientifiko-tekniko gehienetan izen-ematen duten emakumeen kopurua oso txikia da. Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatea arduratuta dago egoerarekin eta PuntuEUS fundazioarekin elkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren babesarekin eta Danobatgroup industria-taldearen laguntzarekin Gladys Sariaren bigarren edizioa antolatu dute.
Teknologia-esparruan emakumeen presentzia areagotu asmoa du sariketak. Horretarako, emakumeek ingurune digitalean egindakoak aitortu eta etorkizuneko gazteentzat erreferenteak sortu nahi ditu. Irabazleak jasoko duen saria 3.000 eurokoa izango da.
Ekimenean parte hartzeko aukera izango dute ingurune digitalean aritzen diren 40 urtera bitarteko emakume gazteek. Hautagaiek www.gladyssaria.eus webgunean eman beharko dute izena ekainaren 20a baino lehen.