Innobasquek antolatutako Global Innovation Day jardunaldiaren XV. edizioak 400 ordezkari inguru bildu ditu gaur Bilboko Euskalduna Jauregian, teknologiaren garapenak gizartean dituen erronkei buruz hausnartzeko. "Humanismoa eta teknologia berriak" goiburupean, burujabetza teknologikoa eta adimen artifizialaren ondorio etiko eta sozialak izan dira topaketaren ardatz nagusiak.
Imanol Rego Innobasqueko presidenteak eman dio hasiera jardunaldiari, eta EAEk eraldaketa teknologikoak gidatzeko duen gaitasuna nabarmendu du. Regok azpimarratu du berrikuntzaren eskutik gizarterako emaitza zehatzak lortu behar direla. “Berrikuntza ez da helburu bat bere horretan. Berrikuntzak zentzua izango badu, eraldatu egin behar du, aukerak sortu behar ditu eta pertsonen bizimodua hobetu behar du”, bere esanetan. Berrikuntzaren helburua pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta gizartearen benetako arazoei erantzutea izan behar dela azaldu du Regok: "Humanismoak ez du teknologia galgatu nahi; norabide bat eman nahi dio".
Innobasqueko presidentearen hitzen ostean, EAEn garatutako lau berrikuntza-kasu aurkeztu dituzte. BilbaoTIKek GeoBilbao plataforma erakutsi du, hiriko datu geoespazialak baliatuta udal-kudeaketa eta plangintza hobetzeko. Alba-Petronorrek, berriz, AGGREGACO2 proiektua aurkeztu du, industria-hondakinak eta CO₂-a eraikuntzarako material bihurtzeko. Osasun arloan, Novanano Medicalek bakterioen itsaspena murriztu eta inplante kirurgikoen integrazioa hobetzeko teknologia azaldu du; Enkarterri Trokelgintzak, azkenik, digitalizazioari esker beste industria-sektore batzuetara zabaltzeko egin duen urratsa aurkeztu du.
Ondoren, nazioarteko ekarpena egin du Astryd Park artistak, konputazio kuantikoa eta artea uztartzen dituen lanaren bidez. Moth Quantum konpainian aplikazio kuantikoetako ingeniari eta sormen artistikoan aritzen den Parkek "Reality Is Not What It Seems" instalazioa aurkeztu du. Lanak algoritmo kuantikoen bidez bideoa denbora errealean kodetzen du, teknologia hori sormen artistikorako tresna gisa ere erabil daitekeela erakutsiz.
Teknologia, etika eta erantzukizuna izan dituzte hizpide, ondoren, Eneko Agirre EHUko HiTZ Zentroko zuzendariak eta Javier Martínez Contreras Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroko zuzendariak. Adimen artifizialaren aukerak eta mugak aztertzeaz gain, haren garapenak sortzen dituen erronka etiko eta sozialak jorratu dituzte, besteak beste, datuen pribatutasuna, erantzukizuna eta pertsonen autonomiaren babesa. Martinez Contrerasek teknologia bati atxikitako auzi etikoak proposatu ditu. AAren garapen azkarra dela eta, teknologia honen arriskuak eta ondorioak areagotzen ari dira.
Hitzaldi honen ostean, beste lau berrikuntza-proiektu aurkeztu dituzte. Intellialert Technologiesek FAST plataforma erakutsi du, datu meteorologikoak, hidrologikoak eta geoespazialak adimen artifizialarekin uztartzen dituena uholdeak eta klima-arriskuak aurreikusteko. ELIKAk OntziHub ekimena aurkeztu du, elikagaien sektorean ontzi seguruagoak eta jasangarriagoak garatzeko; Lantekek, iQuoting tresna, industria-aurrekontuak bizkortzeko, eta AZTIk, BIOGEARS proiektua, akuikulturan erabiltzeko soka biodegradagarriak garatzeko.
Jardunaldiaren azken eztabaida nagusia burujabetza teknologikoaren ingurukoa izan da eta bertan, Carme Artigas Nazca Capital sozietateko Operating Partnerra eta Digitalizazioko eta Adimen Artifizialeko Estatu idazkari ohia, eta Pello Rodríguez MONDRAGON Korporazioko Kontseilu Orokorreko presidentea izan dira. Artigasek, eraldaketa digitalaren eta adimen artifizialaren esparruan duen esperientzia jarri du mahai gainean, baita nazioarteko joera teknologikoen gainean duen ikuspuntua ere. Rodríguezek 150 herrialdetan presentzia duen korporazio baten gidaritzan duen esperientziatik hitz egin du eta industriaren eta enpresen errealitatearekin lotu du solasaldia. Hitzaldian zehar, mendekotasun teknologikoen harira nazioarteko ikuspegiak zein diren eta enpresen egoera zein den kontrastatu dute. Artigasek eta Rodriguezek Europak eta EAEk zer gaitasun mantendu beharko lituzketen azaldu dute.
Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburuak eman dio amaiera ekitaldiari. Hala, Global Innovation Dayren XV. edizioak agerian utzi du euskal berrikuntza-ekosistemaren gaitasuna. Horretarako, teknologiaren ahalmenaz baliatuta, pertsonak eta gizartearen beharrak erdigunean jarri dira berrikuntzaren garapenean.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta