Gorka Ortiz de Zarate Mondragon Unibertsitateko ikertzaileak Taylor domina jaso du

CIRP ekoizpen ingeniaritzako erakundeak ikertzailearen lan bat aitortu nahi izan du fabrikazio aurreratuari lotutako domina honen bidez

Gorka Ortiz de Zarate Bengoa, domina jasotzen | Argazkia: Mondragon Unibertsitatea Gorka Ortiz de Zarate Bengoa, domina jasotzen | Argazkia: Mondragon Unibertsitatea

CIRP ekoizpen ingeniaritzako nazioarteko akademiak 500 ikertzaile baino gehiago bildu ditu Bilbon ia astebetez. Izan ere, erakundearen 71. Batzar Nagusia egiten ari da BECen egunotan —abuztuaren 21etik 27ra—, eta ekoizpen ingeniaritzari lotutako I+G ikerketak aurkeztu eta partekatzeaz gain gain, akademia osatzen duten hainbat talde biltzeko aukera eskainiko du batzarrak.

Testuinguru horretan, Frederick Winslow Taylor ikerketa domina eman du erakundeak, fabrikazio aurreratuko lan bat saritzen duena urtero, eta lehen aldiz ikertzaile euskaldun batek jaso du, Gorka Ortiz de Zarate Bengoa Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ikertzaileak, hain zuzen ere. CIRPek aitortza egin nahi izan dio Ortiz de Zaratek 2021ean garatutako lan bati, aeronautika- eta automobilgintza-industriei lotutakoa. Zehazki, aurreikuspen-eredu fidagarriagoak garatzea du helburu, txirbilaren eta erremintaren marruskadura ezaugarrituz, piezak optimizatu, kostuak murriztu, eta bezeroei erantzun azkarragoa eman ahal izateko. Lan hori bere doktoretza-tesiaren testuinguruan garatu du, zeinak cum laude aipamena jaso zuen eta Eusko Jaurlaritzaren beka batekin finantzatu zen.

Bilboko batzarra ez da Euskal Herrian egiten den lehena. 2001eko edizioa Donostian egin zen. CIRP erakundea ekoizpen-ingeniaritzako ikerketan erakunde garrantzitsuena izanik ere —650 ikertzailek osatzen dute, eta bertako kide izateko beharrezkoa da bikaintasun parametro batzuk betetzea—, mundu akademikoko zein industriako kideak biltzen ditu batzarrak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK