HAND-AI proiektuak adimen artifiziala baliatuko du hirietako airearen kalitatea eta zarata hobetzeko

Udalerriek emisio kutsatzaileak murrizteko hartutako neurriak zehaztasunez ebaluatzeko gai izango den tresna bat sortzea da Aclimarekin lankidetzan egon diren bost euskal enpresen helburu nagusia

Argazkia: Aclima Argazkia: Aclima

Bost euskal enpresak (AAC Akustika Aplikatuko Zentroa, Datua, Sercontrol, Leber eta Teknei) eta Aclima Ingurumenaren Euskal Klusterrak, elkarlanean dihardute adimen artifizialaren plataforma berri bat sortzeko. Plataforma horrek hirietako airearen eta zarataren kalitatearen monitorizazioa eta ebaluazioa hobetzea ahalbidetuko du.

Aclimak adierazi dutenez, “ezinbestekoa da  kutsadura atmosferikoa eta akustikoa gutxitzea hiri bizigarriagoak eta iraunkorragoak planifikatzeko”.  Ildo horretan, Europako Airearen Kalitateari buruzko Zuzentarauak beharrezkotzat jotzen du “hainbat puntu hartzailetan,  isurtze mailak eta kutsatzaileen presentzia kontrolatzea eta zaintzea”, euskal klusterrak adierazi duenez.  

Testuinguru horretan, HAND-AI proiektuaren helburu nagusia  udalerriek emisio kutsatzaileak murrizteko hartutako neurriak zehaztasunez ebaluatzeko gai izango den tresna bat garatzea da. Era berean, gizartea kontzientziatzen lagundu nahi du, hiri jasangarriagoak, erresilienteagoak eta osasungarriagoak bultzatzea ahalbidetuko duen kalitatezko informazioaren beharra dagoela adieraziz.     

Elementu berritzaileak

Partzuergoko enpresek airearen eta zarataren kalitatea ebaluatzeko gaur egun erabiltzen diren tekniketatik haratago joan nahi dute, neurketa elementu berritzaileak eta ohiko neurketa jarraituak kontrastatzeko metodologia berria erabiliz. Hori dela eta, plataforma hori ebaluazio elementu berritzaileekin osatuko da, teknologia berriak integratuz, bai neurketan, eta baita telekomunikazioan ere. Hala, software aurreratuarekin trata daitezkeen datuen bolumen handia lortuko litzateke.

Metodologia berri horiei esker, trafikoaren eta zarataren eredu aurreratuen emaitzak kontrastatu eta aireko ereduak garatu ahal izango dira. “Ebaluatzeaz gain,  etorkizuneko agertokiak aurreikusi ahal izango dira, adimen artifizialaren eredua erabiliz”, adierazi dute Acliman.

Egingo diren lanak hiru fase nagusitan banatuta daude. Lehenengoan, ikerkuntzakoan,  HAND-AI ereduaren diseinu kontzeptuala egingo da. Bigarren fasean,  monitorizazio-sistemak diseinatuko dira eta plataforman integratuko dira, eta ereduen eta plataforma integratuaren garapena ere gauzatuko da. Hirugarren eta azken fasean,  Gasteizen plataforma balioztatuko da eta etorkizuneko agertokiak aztertuko dira. “Jarraipen parametro berriak integratu, trafikoaren eta ingurumen zarataren eredu aurreratuak kontzeptualizatu, eta adimen artifizialeko ereduak aplikatu nahi dira, emisio patroiak doituta eta kutsatzaileak murriztuta”, ziurtatu du klusterrak. Hala, tokiko gobernuek erabakiak hobeto hartzeko tresna bat garatuko dutela adierazi du, hiri-kutsaduraren kontrolean egindako inbertsioei lehentasuna emateko eta etekin eraginkorra lortzeko informazio kritikoa emango baitie. Azken tresnak, gainera, proposatutako kontrol-neurrien benetako inpaktua baliozkotzea eta frogatzea ahalbidetuko du.  

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK