Azken hamarkadan, erabat aldatu da eduki digitaletarako sarbidea. Lehen unean-uneko erosketa zena hileko kuota bihurtu da orain. Gaur egun, harpidetza-eredua erabat finkatuta dagoen arren, higadura-zantzuak agertzen hasi dira, prezioen goranzko joerak eta zerbitzuen saturazioak bultzatuta.
Harpidetza eredua ekonomia digital garaikidearen zutabeetako bat bihurtu da. Produktuen erosketa tradizionalaren aurrean, batez ere eremu digitalean, erabiltzaileek sarbidean oinarritutako sistema bat baliatu dute: erabiltzeagatik ordaintzea, jabetzan eduki ordez. Aldaketa hori ez zen bat-batekoa izan; urteetan zehar eman zen, izan ere, kontsumitzaileek nolabaiteko mesfidantza erakutsi zuten produktu digitaletan inbertitzeko momentuan. Produktu fisikoak “egiazkoak” ziren eta benetako erosketatzat hartzen ziren. Hala ere, joan den hamarkadaren hasieran, Spotify edo Netflix bezalako plataformek hesi hori haustea lortu zuten. Prezio nahiko baxuan, musika eta ikus-entzunezko katalogo zabalak eskaintzen zituzten, esperientzia sinplifikatuz eta pirateria murriztuz.
Arrakasta berehalakoa izan zen. Erosotasunak, prezio lehiakorrak eta katalogoaren zabaltasunak hazkunde iraunkorra bultzatu zuten. Aitzitik oreka hori aldatzen hasi da. Azken urteetan, plataforma nagusiek pixkanaka tarifak igo dituzte. Europan, Spotifyen banakako plana 10,99 eurotik 11,99 eurora igo zen 2025ean. Netflixen plan estandarra, berriz, 12,99 eurotik 13,99 eurora igaro zen, eta 17,99 eurotik 19,99 eurora premiuma. Bideojokoen arloan, Xbox Game Pass Ultimate hilean 26,99 eurora iritsi zen, aurreko prezioan %50ko igoera aplikatuta.
Harpidetza eredua ekonomia digital garaikidearen zutabeetako bat bihurtu da. Produktuen erosketa tradizionalaren aurrean, batez ere eremu digitalean, erabiltzaileek sarbidean oinarritutako sistema bat baliatu dute: erabiltzeagatik ordaintzea, jabetzan eduki ordez
Igoera horiek merkatuaren egiturazko aldaketarekin bat datoz. Hasieran, Netflixek eskuragarri zegoen kalitatezko edukiaren zati handi bat biltzen bazuen ere, gaur egun panorama askoz zatituagoa da. Estudio handiek (Disney, Warner, etab.) beren plataformak abiaraztea erabaki dute; ondorioz, katalogoak zatitu egin dira eta erabiltzaileak hainbat zerbitzu hartzera behartuta daude eskaintza osoa eskuratu nahi badute.
Harpidetza sistemaren higadura
Zerbitzuen ugaritzeak "harpidetza-nekea" deitzen duena ekarri du. Erabiltzaileak jada ez du plataforma bat edo bi kudeatzen, zerbitzu-multzo bat baizik, eta multzo horrek gastu esanguratsua dakar hilaren amaieran. Kasu askotan, kopuru horrek gainditu egiten du edukiak banaka eskuratzeagatik ordainduko luketena. Gainera, gastu hori oharkabean pasatzen da; kostu isila da, hileko kargu ugaritan zatitua, eta gutxitan aztertzen da bere osotasunean.
Pertzepzio hori, ordea, aldatzen ari da. Geroz eta erabiltzaile gehiagok berrikusten dituzte harpidetzak, zerbitzuak bertan behera uzten dituzte edo zerbitzuak txandakatzen joaten dira uneko edukiaren arabera.
Egoera horren aurrean konpainiak estrategia berriekin erantzuten hasi dira. Zerbitzuen paketizazioa da nabarmenetako bat. Telekomunikazio-operadoreek streaming plataformak barne hartzen dituzten tarifak eskaintzen dituzte, eta Apple bezalako enpresek Apple Onen moduko soluzio integratuak merkaturatu dituzte, hainbat zerbitzu kuota bakar baten pean biltzeko.
Irtenbide eroso eta ekonomiko gisa hasi zenak erronka handi bati egin behar dio aurre, hileko kuota txikien batura abantaila izatetik zama izatera igaro ez dadin
Hala ere, erronka preziotik harago doa. Plataformak ez dira katalogoarekin bakarrik lehiatzen; kontsumitzaileak hautemandako balioak ere eragiten du. Euro bakoitza esperientzia arin eta eduki erakargarrien bidez justifikatu behar da, doako alternatiben edo pirateriaren aurrean. Testuinguru horretan, pirateriak —streamingaren etorrerarekin desagertzeko zorian zegoela bazirudien ere— gorakada zantzuak erakutsi ditu. Sektoreko hainbat azterlanen eta OTT barometroen arabera, prezioen igoerak eta edukiaren zatiketak erabiltzaile batzuk bide alternatiboak bilatzera bultzatu ditu.
Harpidetza-ereduak heldutasuna lortu du, eta ez du nahikoa erabiltzaile berriak erakartzea. Horretarako, plataformek sarbidea baino zerbait gehiago eskaini behar dute. Prezioa, edukia eta esperientzia orekatu behar dituzte, erabiltzailea ordaintzen ari denaz gero eta kontzienteagoa den ingurune honetan. Irtenbide eroso eta ekonomiko gisa hasi zenak erronka handi bati egin behar dio aurre, hileko kuota txikien batura abantaila izatetik zama izatera igaro ez dadin. Une honetan, mugarik gabeko sarbidearen promesak erakargarritasuna gal lezake eredu selektiboagoen aurrean, baita sektoreak berak gainditutzat jotzen zituen ohitura zaharren itzuleraren aurrean ere.