Behategiaren Hedabil izeneko proiektuak euskarazko komunikazioaren inguruko audientzia-datuak modu integralean antolatu eta aztertzea du helburu. Eibarko ikastaro batean azaldutako ondorio nagusietako batetik abiatu da egitasmoa: erabiltzaileak hobeto ezagutzeko beharra. Testuinguru horretan, Behategiak iragarri du Euroeskualdeko Berrikuntza proiektu-deialdiak egitasmoaren zati bat finantzatuko duela; “Oso berri ona, urtea amaitzeko”, adierazi dute. Laguntza horri esker, euskarazko hedabideen sektorearentzat tresna estrategiko bat garatu nahi da.
Gaur egungo audientziak kanal askotan banatuta kontsumitzen du informazioa, hala nola, webguneetan, sare sozialetan, podcastetan, bideo-plataformetan, newsletterretan eta euskarri tradizionaletan. Zatiketa horrek zaildu egiten du audientzia osoaren neurketa zehatza egitea, eta, gainera, datuen estandarizazio faltak erronka teknikoak sortzen ditu. Big Dataren garaian, datu-iturri guztiak integratzeko gaitasuna lehiakortasun-faktore garrantzitsua bihurtu da Behategiaren ustez, are gehiago hizkuntza gutxituetan diharduten hedabideentzat.
Gauzak horrela, Hedabilek “jauzi kualitatibo” bat proposatzen du: “euskarazko komunikazioaren datu-iturri nagusiak bateratuko dituen datu-biltegi integral eta operatiboa sortzea, Data Science ikuspegitik”. Horretarako, adimen artifiziala, machine learning teknikak eta analisi estatistiko aurreratuak erabiliko dira, gaur egun sakabanatuta dauden iturriak (besteak beste, CIES, Kantar edo Ikusiker) ikuspegi bateratu batean elkartzeko. Helburua da 360 graduko analisia ahalbidetuko duen oinarri sendo bat eratzea.
Proiektua bost fasetan garatuko da, soluzio teknologiko egokiena identifikatzetik hasi eta emaitzen sozializaziora arte. Euroeskualdearen bultzadarekin, Behategiak 2026an ekingo dio lanari, euskarazko komunikazioaren datu-kultura sendotzeko eta hedabideen lehiakortasuna eta iraunkortasuna indartzeko asmoz.