Herrialde berritzaile sendoenen artean da EAE, Europako Batzordearen arabera

EIS adierazlean 0,616ko puntuazioa erdietsi du Euskal Autonomia Erkidegoak, Europako Batasuneko 27 herrialdeen batezbestekoa (0,553) baino handiagoa

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Europako Batzordeak landutako EIS (European Innovation Scoreboard) berrikuntza adierazlean gora egin du Euskal Autonomia Erkidegoak. Eustatek azaldu duenez, azken sailkapenean 0,616ko puntuazioa erdietsi du, Europako Batasuneko 27 herrialdeen batezbestekoa (0,553) baino handiagoa.

Herrialdeetako ekonomiek berrikuntza jarduerak egiteko zenbateko ahalmena duten eta zer mailatan garatzen dituzten neurtzen du adierazleak.  Herrialde berritzaile sendoen artean da EAE, lortutako puntuazioa EBko batezbestekoaren %111,5 baita. Lortutako puntuazioaren eta Europako batezbestekoarekin alderatuta duten posizioaren arabera, EBko 27 herrialdeak lau kategoriatan banatuta daude: berrikuntzan liderrak direnak, herrialde berritzaile sendoak, herrialde berritzaile moderatuak eta garabidean dauden herrialde berritzaileak.

Lehen kategorian (berrikuntzan liderrak diren herrialdeak), Europar Batasuneko batezbestekoaren %125etik gorako puntuazioa lortu duten herrialdeak daude: Suitza (0,765), Danimarka (0,750), Suedia (0,734), Finlandia (0,706) eta Herbehereak (0,695).

Bigarren taldean (herrialde berritzaile sendoak), batezbestekoaren %100etik %125era bitarteko puntuazioa lortu duten herrialdeak aurki daitezke. Zortzi herrialde dira: Belgika (0,683), Austria (0,642), Irlanda (0,626), Luxenburgo (0,619), Alemania (0,617), Zipre (0,587), Estonia (0,579) eta Frantzia (0,575).

Hirugarren taldean (herrialde berritzaile moderatuak), batezbestekoaren %70etik %100era bitarteko puntuazioa lortu duten herrialdeak daude, eta bederatzi dira; beheranzko puntuazio-ordenaren arabera: Eslovenia, Espainia, Txekia, Italia, Malta, Lituania, Portugal, Grezia eta Hungaria.

Laugarren kategorian (garabidean dauden herrialde berritzaileak), batezbestekoaren %70etik beherako puntuazioa lortu duten herrialdeak hauek dira: Kroazia, Polonia, Eslovakia, Letonia, Bulgaria eta Errumania.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK