• BERRIKUNTZA
  • Hidrogeno berdearen merkataritza globala: EHUren ikerketa

Hidrogeno berdearen merkataritza globala: EHUren ikerketa

Europak 2030erako hidrogeno berdearen erdia inportatu beharko du. SUPREN taldearen azterlanak hornidura-kateen alderdi sozial eta ingurumenekoak ikertu ditu

Barrio, Agirre eta Rey ikertzaileak | Argazkia: EHU
Barrio, Agirre eta Rey ikertzaileak | Argazkia: EHU
image0(1)
Kazetaria
2026ko urriaren 14a - 05:30

Europako Batasunaren energia-ibilbideak erronka handia marrazten du epe laburrean. REPowerEU estrategia komunitarioaren arabera, 2030erako kontinenteko herrialdeek urtean 20 milioi tona hidrogeno berriztagarri kontsumitu beharko dituzte. Kopuru horretatik erdia —hamar milioi tona— Europan bertan sortuko da; gainerako erdia, berriz, beste kontinente batzuetatik itsasoz inportatu beharko da ezinbestean, Europak ez baitu bere kabuz industria deskarbonizatzeko nahikoa baliabide berriztagarririk.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Hornidura-kate global horiek diseinatzeak, ordea, hausnarketa sakona eskatzen du. EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako SUPREN ikerketa-taldeak gai hori aztertu du Chemical Engineering Journal aldizkari ospetsuan argitaratutako lan aitzindari batean. Irene Rey, Victoria Laura Barrio eta Ion Agirrek osatutako lantaldeak hidrogenoaren bizi-zikloa ebaluatu du ikuspegi ekonomikotik, ingurumenekotik eta, lehen aldiz, baita gizarte-arriskuen ikuspegitik ere.

Ikerketaren ondorio nagusia argia da: gaur-gaurkoz ez dago hiru alderdietan abantailak soilik dituen eszenatoki perfekturik, eta etorkizuneko merkataritzak oreka bilatu beharko du alor guztien artean.

 

Oreka sozioanbientalaren bilaketa

Azterlanak berriztagarrietan ahalmen handia duten herrialdeen (hala nola Namibia, Saudi Arabia, Norvegia edo Espainia) eta kontsumo-gune nagusien (Alemania, Herbehereak, Italia edo Japonia) arteko garraio-ibilbideak aztertu ditu. Merkatu-aurreikuspenetan ekoizpen-kostua lehenetsi ohi da, eguzki- eta haize-baliabide apartak dituzten lurraldeak nabarmenduz. EHUko lanak, berriz, gobernantza, lan-baldintzak eta baliabideen gaineko presioa ere txertatu ditu analisian.

“Nazioarteko txostenetan maiz aipatzen da Afrika iparraldea edo Arabiako penintsula hornitzaile handiak izango direla, eguzki eta haize baliabide apartengatik”, azaldu du Irene Rey ikertzaileak. “Baina jasangarritasunak hiru hanka ditu: ingurumenekoa, ekonomikoa eta soziala. Gure azterketak erakusten du ez dagoela hirurak batera betetzen dituen eszenatokirik. Ekoizpen-guneak baldintza sozioekonomiko eta politiko oso desberdinak dituzten herrialdeetan kokatzean, gizarte-arrisku potentzialak ere nabarmen aldatzen dira”.

Puntu kritikoenetako bat uraren kudeaketa da, ezinbesteko lehengaia baita hidrogenoa elektrolisi bidez ekoizteko. Eskualde erdibasamortuetan, bertako baliabide hidrikoak ez kaltetzea funtsezkoa dela ohartarazi dute ikertzaileek: “Garrantzitsua da proiektuek tokiko itzulera bermatzea. Itsasoko ura gatzgabetzeko plantak eraikitzen badira, adibidez, ur horren zati bat tokiko komunitateetara bideratu beharko litzateke. Era berean, ekoizpen berriztagarriak bertako lurraldeari ere onura egin beharko lioke, eta lan-estandar egokiak bermatu lan-ikuskaritza fidagarrien bidez”. 

"Itsasoko ura gatzgabetzeko plantak eraikitzen badira, adibidez, ur horren zati bat tokiko komunitateetara bideratu beharko litzateke"

LOHC: hidrogenoa olio gisa garraiatzeko aukera teknologikoa

Alderdi sozioekonomikoaz gain, ikerketak garraioaren erronka fisikoa aztertu du. Hidrogenoa gas oso arina denez, bolumen handiegia hartzen du gas egoeran distantzia luzeetan mugitzeko. Itsasoz garraiatzeko, gaur egungo lehia nagusia amoniakoaren eta LOHCen (hidrogenoaren garraiatzaile organiko likidoak) artean dago.

LOHCak petrolio industrialen antzera jokatzen duten konposatu organikoak dira. Jatorrizko herrialdean hidrogenoa likido horri lotzen zaio kimikoki; ondoren, giro-tenperaturan eta presio arruntean garraiatzen da ohiko ontzietan, eta helmugan berotu egiten da hidrogenoa berriro askatzeko. Likido eramailea ez da kontsumitzen: ontzira itzultzen da zikloa berriro hasteko.

“Amoniakoak metro kubiko bakoitzeko hidrogeno gehiago garraiatzeko ahalmena du, baina toxikotasun eta segurtasun aldetik arrisku handiagoak ditu”, adierazi du Ion Agirre irakasleak. “Amoniakoarekin lan egiten duten instalazioek segurtasun-neurri oso zorrotzak behar dituzte. Gainera, helmugan hidrogenoa askatzeko erreakzioak oso tenperatura altuak eskatzen ditu (550 °C-tik gora). LOHC teknologia, aldiz, ez da presiopean edo tenperatura kriogenikoetan garraiatu behar, eta portuetako ohiko azpiegitura petrokimikoetan kudeatu daiteke”.

Agirre: "Fintze-enpresak beren negozio-eredua egokitzen ari dira erregai berriztagarrietarantz"

Horrek lehendik dauden oil & gas azpiegiturak berrerabiltzeko bidea ematen du. “Teknologia horren abantaila nagusia da ez dela beharrezkoa garraio-sare osoa hutsetik eraikitzea”, gaineratu du Agirrek. “Gaur egungo petrolio-ontziak, biltegiak eta oliobideak egokitu eta garbitu daitezke likido horiek mugitzeko”.

Irakasleak Euskal Herriko industria-proiektuekin lotu du aukera hori, esaterako Petronorrek Bilboko Portuan garatzen duen erregai sintetikoen plantarekin: “Fintze-enpresak beren negozio-eredua egokitzen ari dira erregai berriztagarrietarantz. Etorkizunean bertako elektrolizatzaileen hidrogenoaren ekoizpena nahikoa ez balitz, portutik LOHCen bidez hidrogenoa inportatzea bide logistiko bideragarria litzateke”.

UnLOHCked proiektua: eraginkortasuna hobetzea eta platinoa murriztea

LOHC teknologiaren erronka nagusia hidrogenoa askatzeko fasean dago (deshidrogenazioa): prozesuak tenperatura ertaina eskatzen du (300 °C inguru) eta tradizionalki platinoa bezalako metal noble eta garestietan oinarritutako katalizatzaileak erabili izan dira.

Muga teknologiko hori gainditzeko, EHUk UnLOHCked Europako ikerketa-proiektua gidatzen du. Horizon Europe programak eta Clean Hydrogen Partnership-ek 3 milioi eurorekin finantzatutako ekimen honek Frantziako CEA eta CNRS zentroak zein Hegoafrikako NWU unibertsitatea biltzen ditu, Heraeus, Tamoin, Framatome eta HyGear enpresekin batera.

Barrio: "UnLOHCked proiektuan urrats bat gehiago eman dugu: %0,2ko platinoa duten formulazioak ikertzen ari gara, molibdenoa bezalako metal ugariagoekin konbinatuta"

“Aurreko proiektu batean (SherLOHCk) katalizatzailearen platino-kopurua %3tik %1era jaistea lortu genuen”, azaldu du Victoria Laura Barrio katedradun eta proiektuen ikertzaile nagusiak. “UnLOHCked proiektuan urrats bat gehiago eman dugu: %0,2ko platinoa duten formulazioak ikertzen ari gara, molibdenoa bezalako metal ugariagoekin konbinatuta. Laborategian ohiko materialen antzeko portaera lortu dugu, eta hurrengo urratsean industria-bazkide batek eskala handituko du Herbehereetako prototipo batean testatzeko”. Sistemak, gainera, erregai-pila baten hondar-beroa baliatzen du energia-kontsumoa murrizteko, hidrogenoaren berreskuratze-kostua 2,5 euro/kg-tik behera kokatzeko asmoz eta CO emisioak nabarmen murriztuz.

Hornidura-kate osoa ebaluatuko duten araudiak

Rotterdam bezalako portu eta logistiko nagusietan hidrogeno-inportazioak neurtzeko eta ziurtatzeko sistemak prestatzen ari diren bitartean, EHUko ikertzaileek azpimarratu dute araudiak ikuspegi globala izan behar duela.

“Erregai berriztagarrien ziurtagiriek isurietan eta elektrizitatearen jatorrian jarri ohi dute arreta nagusia”, gogoratu dute egileek. “Baina hidrogeno-ekonomia benetan jasangarria lortzeko, araudiek eta merkataritza-akordioek estandar sozioanbiental integralak aintzat hartu beharko lituzkete hornidura-kate osoan zehar. Ikerketaren ekarpena erabakiak hartzeko oinarri teknikoak eskaintzea da, etorkizuneko ibilbide energetikoek eraginkortasun teknologikoa eta erantzukizun soziala uztartu ditzaten”.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain